Bilboko Udaleko Euskara Sailak tailerrak antolatu ditu zenbait ikastetxetan. Tailer horien helburua euskararen erabilera sustatzea da, teknologia berrien eta kirolaren bidez, beroriek dira-eta gazteen aisialdiko jarduerarik gustukoenak gaur egun.
Itzarri ezagutzaren gestioaz arduratzen den enpresak koordinatuko ditu Athleticeko zenbait jokalarik emango dituzten tailerrok. Aitziber Juaristi, Gorka Iraizoz, Ibai Gomez, Iñigo Diaz de Cerio, Iraia Iturregi eta Koikili Lertxundi izango dira teknologia berriak, kirola eta euskara uztartuko dituztenak ikasleen aurrean. Athletic Fundazioaren eta Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkartearen (BIGE) laguntza ere badu proiektu honek.
Ekimen honetaz baliatuta, Euskara Sailak euskararen erabilera bultzatu nahi du ikastetxeetan, arlo akademikoan ez eze, ikasleentzat garrantzizkoak diren bestelako alorretan ere, kiroletan eta teknologia berrietan, kasurako (internet eta sare sozial zibernetikoak).
Lehenengoz 08/09 ikasturtean antolatu zen ekimen honek arrakasta handia lortu zuen.
Bilboko ikastetxeetako 12-14 urteko gazteentzako tailerrak dira. Aipatutako kirolariekin testuen irakurketa eta ulermena eta informazioaren deskripzioa eta sintesia jorratuko dituzte, betiere teknologia berrien bitartez.
Tailer hauen barruan, nahi duten ikastetxeek San Ignazio auzoan dagoen Euskararen Etxea bisitatu ahal izango dute. Euskararen Interpretazio Zentroa eta gure hizkuntzaren historia eta bilakaera ezagutzeko aukera izango dute han.