Oso ibilbide luzea egin zuen Xabierrek euskararen aldeko zereginean. Ekimen eta adore handiko gizona, berak antolatu zituen frankismo garaiko lehen musika jaialdiak Bizkaiko hiriburuan, berak argitaletxea eta diskoetxea sortu urte ilun eta zail haietan.
Idatzita utzi dizkigun nobela, teatro lan, gramatika eta gure hizkuntza ikasteko material ugariez gain argazki sorta ederra utzi digu Xabier lagunak, Bilbo sorterriarekin lotuta gehienak: 1978an Euskaltzaindiak antolatu zuen Bai Euskarari kanpainan izan zuen funtsezko ardura, edo hizkuntzak behar zituen inguru berrien bila Euskaldunen Afarien antolatzaile, laguntza ezak atea itxi zion arte, baina hala ere beti euskararen erabilera sustatzeko ahalegin betean, indartsu, umil eta zarataren bidetik ahalik eta urrunen.
Udalarekin ere harreman estua izan du Xabierrek; aste honetan bertan sariak banatuko dituen Mikoleta Ipuin Lehiaketan epaimahaikide izan dugu, urterik urte eta behin ere huts egin gabe, ume eta gaztetxo bilbotarrek idatzitako ipuinak egundoko ilusioaz irakurtzen eta zuzentzen.