Euskadiko Liburu Ganbarak antolatzen duen Bilboko 41. Liburu Azoka honetan 55 erakusle izango dira liburu saltzaile, banatzaile, argitaletxe, liburutegi eta instituzioek osatuta.
50 idazle baino gehiago hurbilduko dira egunotan liburuak aurkeztera, hitzaldietan parte hartzera eta liburuak sinatzera. Horien artean izango ditugu Bernardo Atxaga, Toti Martínez de Lezea, Ramiro Pinilla, Jon Arretxe…
Aurtengo ekitaldian Kritikaren Saria Ana Maria Matutek jasoko du; Txomin Solabarrieta “Bostak bat” taldekoak eskuratuko du Urrezko Luma Saria hiztegigintzan egindako lanagatik; eta David Safier izango da Zilarrezko Luma Sariaren irabazle.
Ekitaldi honetan Euskaltzaindiak kaleratzen duen Euskara agerkaria omenduko da bere 90. urteurrenean. Liburu azokarekin bat egingo dute Bilbo Zaharra Forum jardunaldiak, eta besteak beste Unai Elorriaga, Juan Gartzia, Arantxa Urretabizkaia eta Jon Juaristiren hitzaldiak entzun ahal izango dira.
Aipatutakoez gain Liburu Ganbarak hainbat ekitaldi antolatu ditu azoka honetarako; horregatik, liburuzale eta herritar guztiei bertara hurbiltzeko gonbita egiten diegu.
- Epea: Ekainaren 2tik 12ra
- Lekua: Bilboko Areatza
- Ordutegia: Astelehen-ostirala: 11:00-14:00 eta 17:00-21:00
Larunbata-igandea: 11:00-14:30 eta 17:00-21:30