Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bidaiari Dubi Dubi lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Bidaiei buruzko bideo umoretsuak egitea eta zabaltzea da lehiaketaren helburua, hori dela eta, bidaietako irudiak eta dantza uztartu beharko dituzte parte-hartzaileek. Hain zuzen ere, bidaiatutako tokiko irudiak jaso beharko dituzte eta leku horietan dantzan edo koreografia bat interpretatzen agertu beharko dute parte-hartzaileek.
Bideoak hiru minutu iraun beharko ditu gehienez eta azalpen testuak izan ditzake euskaraz zein gaztelaniaz. Lanaren amaieran, berriz, kredituak agertu beharko dira egileei erreferentzia eginez. Bideoak mp4, 3gp, wma, avi edo mpg formatuan entrega daitezke 2011ko irailaren 26tik urriaren 9ra. Epaimahaiak urriaren 24an emango du ezagutzera bere erabakia.
Irabazleak 800 euro jasoko ditu, bigarrenak 600 euro eta hirugarrenak 350 euro. Gainera, accesita egongo da 4. Barrutian (Begoñan) erroldatutakoek bidalitako bideo onenarentzat.