Etxepare Euskal Institutuak eta AIE (Asociación de Artistas, Intérpretes o Ejecutantes) erakundeak 2012. urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Ituna, Artistas en Ruta programaren baitan sinatu dute eta hurrengo hiruhilekoan egitasmoan parte hartuko duten taldeak aukeratu dituzte. Horien artean, lehen aldiz lau musika talde euskaldun izango dira: Jon Urrutia Trio, Jabier Muguruza, Sumisión City Blues eta Smile.
Hitzarmen honen helburu nagusia euskal musika produkzioak Espainiar Estatu mailan ezagutzera ematea da. Akordioaren ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak diruz lagunduko du Artistas en Ruta egitasmoa.
Artistas en Ruta egitasmoaren metodologiari jarraituz, lehenik eta behin Espainiar Estatu osoko aretoak aukeratzen dira urtero. Ondoren, AIEk jaso dituen artisten eskaeren artean aukeraketa egiten da. Hiru hiletik behin kontzertu zikloetan parte hartzeko aukera dute talde horiek.