Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Alkarbide bilguneak antolatu duten Nahi dudalako! programaren gaineko informazioa bidali zaie batxilergoa edo lanbide heziketa ikasketak hastera doazen gazteei. 1996an jaiotako 2.800 gazte bilbotarrek beraien etxean jaso dute informazio foiletoa otsailaren hasieran, egin behar dituzten ikasketak euskaraz egin ditzaten animatzeko.
Programa honen web orrian Bizkaiko 10 eskualdeetako datuak bildu dira: euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duten ikastetxeen datuak, euretara heltzeko garraiobideak eta bestelako datuak. Horrez gain, zenbait gaztek euren esperientzia azaltzen dute, zergatik aukeratu duten euskaraz ikasten jarraitzea eta horrek ze onura ekarri dien.
Aurreko urteetan bezala, gazteek inkesta bete ahal izango dute oparien zozketan parte hartu ahal izateko.