Aurtengo Lauaxeta Sariak hainbat berrikuntza izango ditu, izan ere, Lauaxeta Ohorezko sariaz gain, beste bi emango dituzte: bat poesiazkoa eta bestea ikus-entzunezkoa. Aurten 75 urte beteko dira Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta fusilatu zutela eta Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldia egin nahi dio.
Lauaxeta Ohorezko Sariak Bizkaian euskararen sustapen, zabalkunde edo normalizazioan pertsona edo erakunde batek egindako ibilbidea goraipatzea du helburua.
Lauaxeta Poesia Sariak, aurten lehenengo aldiz, euskaraz bertsotan edo poesia-prosan sortutako literatura-lana sarituko du. Aurkeztuko diren lanak 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30era argitaratuak izan beharko dute.
Ikus-entzunezko sariari dagokionez, oroimen historikoari buruz euskaraz sortutako dokumental formatuko lanak nabarmenduko dira, hain zuzen ere zuzendaritza lana sarituko da. Hauek ere, poesia lanak bezala, epe horren barruan eginikoak behar dute izan.
Hiru sariak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatzen diren ekitaldietan banatuko dira.