Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria izan dira eleberriaren moldaketaren egileak eta euren esanetan Wilt XX. mendeko liburu anker eta komikoenetakoa dugu.
Wilt egoera barregarriz jositako eleberria da, 10 milioi kopia 22 hizkuntzatan saldutakoa.
Tom Sharpek, bere prosa arinaren bidez, isekaz egingo dio eraso orori. Guztiei eta denari egingo dio barre, ezerk ez dio bere ikuspegi ironikoari ihes egingo: familia, heziketa, lesbianak, aberatsak, behartsuak, ikasleak, polizia, eliza, irakasleak, etxeko andreak, kontsumismoa, modak, eskuineko pertsonak, ezkertiarrak, ideologia gabekoak, haragi opilak, komuneko garbikaria… Sharpe pertsonaia arruntetatik abiatzen da, errealitatea bihurrituz eta gizarte neurotikoa, galdua eta, bereziki, gurearen oso antzekoa.
Mikel Laskurain, Mikel Losada, Aitziber Garmendia, Ainere Tolosa eta Xabi San Sebastianek emango diote bizia antzeztokian agertuko diren pertsonaia guztiei.
Protagonista Nagusia Henry Wilt da, itxaropena galdutako gizona. Arte eta Lanbide Eskola batean dihardu Literatura irakasle, batere interesik ez duten igeltsero, iturgin edo argiketari-gaiekin. Emaztearekin ere ez da zoriontsu. Aspaldi ez du Eva jasaten, emazte heldugabe eta txepela. Baina Wiltek ihesbidea du: egunero, txakurra paseatu bitartean, emaztea hiltzeko eta gorpua desagerrarazteko modu anitz asmatzeari ematen dio.
Antzezlana euskaraz eskainiko da, euskara bizian; Wilten egokitzapen honetan, aktore bakoitzak bere euskara erabiltzen du, bere euskalkia, bere esamoldeak, bere esapideak, umorea egitea errazten duena.