Aurten Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Jarraituaren 5. ekitaldia ospatuko da klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzeko.
Orain dela lau urte Axularren Gero (1643), duela hiru urte Mogelen Peru Abarca (1802), duela bi urte Jon Miranderen Haur besoetakoa (1959), iaz Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995) eta aurten, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox (1979) entzun ahal izango da Arriaga antzokian goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara arte.
Lan hori da nobelagilearen lanik biribilena. Zergatik Panpox nobelan dugu lehenengo aldiz euskal literaturan protagonista femenino subjektu bat, aitzindaria izan zena bere ezaugarri guztietan. Liburuaren argumentua labur-labur esateko hauxe da: Lagunak alde egin ondoren, emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak.
Arantxak berak emango dio hasiera ekitaldiari eta hurrengo hamabi orduetan 400 lagun inguru pasatuko dira Zergatik Panpox liburuaren pasarteren bat irakurtzera. Horien artean izango dira euskal kultura, gizarte, kirol, politika eta beste hainbat arlotako pertsonaia ospetsu.
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurraldia Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Ipar Kutxak babesten dute.