Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Alkarbide bilguneak antolatu duten Nahi dudalako! programaren gaineko informazioa bidali diete batxilergoa edo lanbide heziketa ikasketak hastera doazen gazteei. 1997an jaiotako 2.663 gazte bilbotarrek beraien etxean jaso dute informazio foiletoa otsailaren amaieran, egin behar dituzten ikasketak euskaraz egin ditzaten animatzeko.
Programa honen web orrian Bizkaiko 10 eskualdeetako datuak bildu dira: euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duten ikastetxeen datuak, euretara heltzeko garraiobideak eta bestelako datuak.
Aurten, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere badute gazteek eta euren zalantzen inguruan eztabaidatzeko tuentia ere erabilgarri izango dute. Horrez gain, zenbait gaztek euren esperientzia azaltzen dute, zergatik aukeratu duten euskaraz ikasten jarraitzea eta horrek ze onura ekarri dien.
Horrekin batera gazteentzako hainbat hitzaldi ere antolatu dira, euretan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.com web gunean zer aurkituko duten azalduko zaie gazteei. Itxaso Paya izango da hizlaria, eremu eta familia ez euskaldunean bizi arren euskara lehen hizkuntzatzat duen gaztea.
Web gunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute, hola nola, tableta, Nintendo 3 DS eta multi-abentura egun pasa.