Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Korrika 18k Eman euskara elkarri dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko.
2013ko martxoaren 14an Andoainen, hain zuzen ere, hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazortzigarrenez, martxoaren 24an Baionara heldu arte. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika Martxoaren 21ean, 17:30 inguruan, helduko da Bilbora Enekuritik.