Otsailaren 27an hasi zen Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketan Bizkaiko zazpi eskualdeetako 50 bat bertsolari gaztek parte hartuko dute.
Partaide guztiak bi taldetan banatu dira adinaren arabera; 18 urtetik beherakoak eta 19 eta 24 urte bitartekoak.
Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea Artibai, Enkarterri, Ipar Uribe (Eskumaldea) eskualdeetako taldeak Igorre, Markina eta Zallako saioetan neurtu ziren otsailaren 27an eta martxoaren 5 eta 6an. Horietan garaile izan ziren Arratia, Ipar Uribe eta Bilboaldea.
Bilboaldetik hauek izan ziren partaideak: Peio Molinuevo, Enare Muniategi eta Iker Garitagoitia.
Zazpigarren eskualdea Durangaldekoa da eta finalerdietara zuzenean sartu da, XX. sariketaren irabazle delako eskualde hau.
Finalerdiak martxoaren 12an eta 13an jokatuko dira Durangoko Institutuan 12:00etan eta Algortako Aixerrota Institutuan 11:45ean, eta finala martxoaren 22an izango da Bilboko Kafe Antzokian.
Bi talde finalisten artean 2.000 eurotik gora banatuko dira eta txapeldunak 1.260 euroko lehen saria jasoko du.