“Eman giltza-¡Háblale, escúchale!” leloa daraman kanpainaren helburua, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da. Aipatutako kanpaina Bizkaiko 10.000 familia inguruk jasoko dute eta, Alkarbide bilguneak koordinatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, orain dela bi urte martxan hasi zen egitasmo hau aurten ere Bilbon eta beste 38 udalerritan eta 2 mankomunitatetan zabalduko da.
Horretarako, ume jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek umearen ingurune hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen dituen diptikoa jasoko dute etxean eta euren kezka eta beldurrak uxatzeko prestatu den webgunearen berri ere izango dute. Horrez gain, adur-zapia, askari-poltsa, kotxean jartzeko pegatina eta KU-KU liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Liburuxka horretan, besteak beste, abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak daude jasota. Gainera, aurten ikasturte hasierarekin batera, ETB2n egitasmoa ezagutzera emateko eta transmisioa sustatzeko iragarkia ere ikusi ahal izango da.
Informazio guztia www.emangiltza.com web orrian dago.