Murgilduz ikastaro irekia zuzendua dago euskaldun denari edota euskalduntzeko B2 eta C1 mailako erabiltzaileei. HABEk argitara eman berri duen ikastaro honek helburu nagusi hau du: norberak duen euskara-maila gaurkotu eta aberastea, izan ditzakeen zenbait gramatika-edukiren gaineko zalantzak argitzea eta euskara zuzen erabiltzeko hainbat argibide eskaintzea. Ikastaroan erabiltzen den materiala Euskaldunak Euskaraz Janzten Murgilduz liburuan oinarrituta dago, baina eraberritu eta eraldatu egin da, bertako hainbat gramatika-edukiri buruzko azalpenak eta testuak gaurkotu edota lanketa berriak txertatu baitira. Teknologia aldetik ere egokitzapenak egin dira erabiltzailearentzat eskuragarri eta atseginago gerta dadin.
Azpimarratu behar da ikastaro hau ororentzat irekia dagoela eta doakoa dela. Internet bidez eta bakarka lan egiteko planteatua dago. Ikastaroan sartzeko lehenik erabiltzaile-kontua sortu behar da www.ikasten.ikasbil.net atarian eta ondoren, Murgilduz ikastaroan automatikoki matrikulatzeko aukera izango du erabiltzaileak.
Ikastaroan planteamendu teorikotik aurrerago joan nahi du eta horretarako beharrezko azalpenak emateaz gain, automatikoki zuzentzen diren ariketak proposatzen dizkio ikasleari. Honela jaso berri dituen ezagutza horiek praktikan jarri ahal izateko. Zuzenketa automatikoak ezinezkoak diren kasuetan aholkuak eta ereduzko proposamenak ematen zaizkio erabiltzaileari.
Hamaika ikastunitate dauzka Murgilduz ikastaroak, eta idatzizkoaren nahiz ahozkoaren ulermena eta gramatika-edukiren bat lantzeaz gain hiztegiari bereziki erreparatzen zaio. Izan ere, ia ikastunitate guztietan, gaiaren gaineko hiztegia lantzen da, eta baita hitz eratorriak eta hitz-elkarketa ere. Bestalde, idazmena lantzeko hainbat jarduera proposatzen dira, gai edota egoera jakin bati begira planteatuta daudenak.
Labur-labur adierazita, ikastunitate bakoitzean, honako gaiak eta edukiak lantzen dira:
- 1. Ikastunitatea: Tokien euskal izenak eta zifrak; herrien, probintzien izenak eta munduko leku desberdinen izen arrotzak idazteko arauak; zifrak eta datak euskaraz zuzen idazteko arauak eta argibideak, hitz-elkarketa eta idazmenean trebatzeko ariketa bat: artikulu laburra idaztea.
- 2. Ikastunitatea. “s”,”z”, “tx”, “tz” zuzen idazteko arauak eta ariketak, deklinabidea eta –a itsatsia, deklinabide mugagabea eta zenbait hitz elkartu mota.
- 3. Ikastunitatea. Ortografia-arau zenbait, hiztegiaren lanketa, zenbait esaldi-mota lantzeko ariketak (zenbat eta… /… (e)n neurrian…).
- 4. ikastunitatea. Deklinabide-atzizkiei erreparatuz arauak inferitzeko zenbait ariketa, baldintzako aditzaren birpasa, gai jakin bati loturiko hiztegiaren lanketa, hitz elkartuak; idazmena lantzeko gonbidapen-ereduak eta testu-mota hori lantzeko ariketa.
- 5. Ikastunitatea. Komunikabideak gaia ardatz hartuta: puntuazio-markak eta komatxoak, ehunekoen eta mugagabeen deklinabidea.
- 6. Ikastunitatea. Puntuazio-marken birpasa eta hitz eratorriak, -ba, -bait zuzen idazteko arauak.
- 7. Ikastunitatea. Edari eta alkoholismoa gaiak ardatz hartuta: -xe, -txe atzizkiak, deklinabide-kasu zenbait, hitz eratorriak, baldintzazko aditzaren birpasa, edarien gaineko testuen bidez zenbait egituraren eta hiztegiaren lanketa.
- 8. Ikastunitatea. Oporrak eta turismoa gaiak ardatz hartuta, honakoak lantzen dira: deklinabidea, lekuzko deklinabide-kasu bereziak, ahozkorako hizkuntza-baliabideak, eta idazmena lantzeko ariketa: bidaia-agentziarako iragarkia.
- 9. Ikastunitatea. Lana eta lanbidea gaiak ardatz hartuta, honako edukiak lantzen dira: deklinabide-kasu zenbait eta gaiaren gaineko hiztegia; ehunekoen deklinabidea eta mugagabea praktikan jartzeko ariketak; hitz-eratorpena; gaiari loturiko zenbait esaera zahar, eta azkenik idazmenean trebatzeko lanpostu baterako aurkezpen-gutuna idaztea.
- 10. Ikastunitatea. Medikuntza eta osasuna gaiei lotuta, honakoak proposatzen dira: hitz eratorriak: zenbait atzizkiren lanketa, deklinabidea, gaiarekin loturiko esaera zaharrak; baldintza hipotetikoen birpasa, eta azkenik, idazmenean trebatzeko eskabide-gutuna idaztea.
- 11. Ikastunitatea. Deklinabidearen birpasa; udalarekiko harremanetan erabilgarri den hiztegia; udal-agiri baten lanketa; hitz eratorriak sortzeko zenbait atzizkiren lanketa, eta azkenik, eredu bat hartuta testu-laburpena egiteko prozesuaren lanketa.
Behin ikastaro guztia eginda, auto-ebaluaziorako galdeketa baten bidez, erabiltzaileak aukera izango du materialaren balorazioa egin eta ikasi duenaz diagnosi txiki bat egiteko. Horrez gain, ikastaroan landutako ikas edukiekin lotura duten zalantzak argitzeko kontsultarako gunea txertatu da, irakasleari galdetu atalean eta baita kontsultarako hainbat zerbitzuetarako estekak ere: hiztegiak, gramatika, euskarazko softwarea, estilo-liburua eta abar.