Gorbeiara ihes egiteko bere gutiziari eutsirik, Arestik Bilbo erdaldunean geratzeko deliberoa hartu zuen. Berak utzitako testigua hartu nahian, EHAZEk Bilbon ospatzea erabaki du aurtengo ANTZERKIZALE EGUNA. Euskal antzerkiaren jaia Bizkaiko hiriburuan egingo dugu, bertan euskarak protagonista papera bete dezan eta, aldi berean, bigarreneko rolean egin dituen agerpen duinak ere aldarrikatzeko.
Jaiaren aurrerapen gisa, eta egungo egoeraz hausnarketa egiteko, urriaren 14an MAHAINGURU bat prestatu dugu La Bolsa eraikinean, arratsaldeko 19:30tan, non alorreko zenbait lagunek beren gogoeta plazaratuko duten. Hala nola, Alicia Otxandategi programatzaile bezala; Ane Zabala ikusle eta antzezle gisa; Agus Perez ikusle moduan; Mikel Martinez profesional bezala; eta Josu Torre antzerkizalea solasaren gidari moduan. Mahainguruaren ondoren, Badut Klown Taldekoek beren hausnarketa berezia egingo dute bertan entzundakoaz.
Ospaketaren muina 18an izango dugu, zapatuarekin. Goizeko 12:30tan Eidabe taldeak umeentzako ikuskizun bat eskainiko du, “Sardina Freskue”. Arratsaldeko 15:00etan bazkari herrikoia izango da Pabellon 6-en (izena emateko: antzekizale@antzerkizale.com), ondoren, Deustuko Erriberako auzotarrek pastoral ibiltari bat jokatuko dute erriberako bus geltokian hasita, “Lutxa ala luntxa” izenburukoa. 19:00etan Imanol Ituiñok bere “Magia Parrastaz” ikuskizuna eskainiko du P6-en, eta ondoren EzDokHiru taldekoen “Desentxufatuak” ikusteko aukera izango da.
Aurtengo gala berezia da emakume antzerkilariek pentsatua, zuzendua eta jokatua izango delako; emakumeek ere protagonista papera bete nahi baitute. “Geu gutaz” izenburua dauka eta iluntzeko 20:30etan eskainiko da. Eta egunari amaiera emateko, Antzerkizale Saria Begoña Foruriari emango zaio.
Bilboko euskal antzerkian aitzindaria izan arren, Begoña Foruria ez da izen ezaguna. Hiriko iraganean aurrekaririk topatzen genbiltzala, deskubritu dugu euskal antzerkiaren historian idatzi gabe zegoen pasadizo garrantzitsu bat. Kriseilu izeneko taldea, inongo historia liburutan agertzen ez dena, 60ko hamarkadan aritu zen Bilbon, noren eta Arestiren testuak, besteak beste, erabiliz. Gauzak horrela, iruditu zaigu talde hartako kidea izandako Begoña Foruria hautagairik aproposena zela aurtengo saria jasotzeko. Euskal antzerkia Bilbon aspaldiko kontua dela aldarrikatzeko; aspaldikoa eta, batez ere, etorkizunekoa.