Hauexek dira Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatu dituen ekitaldiak:
- Martxoaren 1a: HIRUGARREN ITZULPENAREN AURKEZPENA.
Anton Garikano, Rufino Iraola eta Xabier Kintana izango dira hizlari.
Anton Garikano (hirugarren itzultzailea): Hizkuntzalaria da ikasketaz. Euskal Filologia ikasten hasi zen Donostian, baina Ingeles Filologia hautatu zuen gero. Deustun ikasketak burutzen ari zen bitartean ekin zion alemana ikasteari. Ingeleseko irakasle da gaur egun lanbidez.
Rufino Iraola (bigarren itzultzailea): Bere ibilbide literarioa 1994an hasi zen, Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenean. Bertsolaritzan aditua da, eta bertsoak idatzi ez ezik, bertsoei buruzko iruzkinak ere egiten ditu.
Xabier Kintana (lehen itzultzailea): Euskalaria, euskal idazlea eta euskaltzaina. Euskaltzaindiko idazkaria. F. Kafka ez ezik, K. Marx, F. Engels, M. Unamuno, J. Uharte Donibanekoa eta A. Camus itzuli ditu euskarara.
- Martxoaren 2a: ITZULPENA, BIDAIA BATEN ITZULERA.
Anjel Lertxundi izango da hizlaria. Literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Honetaz gain, hainbat hedabidetan kolaboratu du, tartean Berria egunkarian. 2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin. - Martxoaren 3a: JOYCE ETA PROUST ERE, EUSKARAZ.
Xabier Olarra eta Joxe Austin Arrieta izango dira hizlariak. Xabier Olarra: 2015eko irailean aurkeztu zen James Joyceren ‘Ulysses’ liburuaren euskarazko edizioa, Igelan, Olarrak beste lagun batzuekin duela hogeitaka urte sortutako argitaletxean. Joxe Austin Arrieta: Euskal idazlea. Filosofia eta Letretan lizentziatua. EUTGko Hizkuntz Eskolan eta Filosofia Fakultatean irakaslea izan da. Euskalgintzako beste hainbat alorretan ere ibilia da. Prousten itzultzailea.
Hiru hitzaldiak Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan izango dira 19:00etan.
You must be logged in to post a comment.