Euskal Museoko erakusketak, gogoraraziko denez, duela berrogeita hamar urte 1966an, hain zuzen ere, San Anton parrokiko dotrina irakasteko geletan sortu zen aldizkariaren eta bere inguruaren ibilbidea erakutsiko du. Halaber, Jose Antonio Retolaza (Bilbo 1929-Muxika 2014), aldizkariaren sortzaile nagusia eta Lander Gallastegi (Torreón, Mexiko 1929-Berango 2014) arkitektoa, Kili-Kili fenomenoaren benetako zutabe izan zena gogoratuko dira.
Erakusketa, Labayru Fundazioak Kili-Kiliren historia azaltzeko egindako bideo bat eta Bilboko Udalak eta Labayru Fundazioak plazaratutako argitalpen bat Kili-Kili proiektuan sakontzeko era eskainiko diguten hiru euskarriak izango dira. Kili-Kili, San Antongo zubiaren alboan jaiotako sei urteko mutikoa da anfitrioia erakusketaren aurkezpenean. Neska-mutilen lagun izan gura zuen protagonista, bere txapel eta kaikuarekin, beti lapitza eskuan, irakurtzen, idazten eta lanean beti dagoela agertzen zaigu.
Erakusketa, gaika sailkatuta dago, aldizkariaren existentziaren argitalpenak suposatu zuen garrantziaren inguruan: Fotokopia xume batzuk izatetik, txoko guztietara heltzen zen urrutiko alfabetatze eredu izatera, neurriz- kanpoko produkzioarekin, bai bolumenari dagokionez, bai kalitateari dagokionez.
Kili-Kiliren jarduerak, ugariak eta helburu jakinekoak dira: euskaraz irakastea eta ume euskaldunak euren hizkuntzan alfabetatzea, jolasen, lehiaketen eta sarien bitartez, beti ere testuinguru ludiko batean.
Txokolatadak eta ibilaldiak, jarduera horien barruan, aitzakia ezin hobea ziren elkartzeko, jolasteko eta ondo pasatzeko. Lehiaketak etengabeko jarduera ziren Kili-Kilin; izan ere, aukera bikaina eskaintzen baitzien umeei etxean ia ohartu gabe irakurtzeko eta idazteko euskaraz. Euskal Museoan eta umetxoentzat egokitutako aldean Ezetz igarri lehiaketa ekarriko dugu gogora, sari eta guzti.
Jolasen bidez alfabetatzea. Aldizkariaren harpidedunek (18.000 edukitzera iritsi zen) etxean jasotzen zituzten alfabetatzeko asmoz Lan ta Lan izeneko koadernoaren hamabi ale argitaratu ziren umeak etxean bete eta gerora zuzendu zedin itzultzen zuten hori. Argitalpen honek bere jarraipena izan zuen gerora agertu ziren Ekin ta Ekin orriekin; material osagarri modukoekin, eta, honen ostean, komiki moduan atera zen aldizkaria. Koadernoak bidaltzeak, urtetik urtera ikasturtearen hasierarekin bat egiten zuen.
Kili-Kili eguna, lehen aldiz, Bilbon antolatu zen 1977an. Arrakasta itzela lortu zuen eta, ondorioz, beste herri batzuetan ere hasi zen ospatzen.
Kili-Kili aldizkariaren 233 zenbaki plazaratu ziren. Beste hizkuntza batzuetako komikietan oso ezagunak ziren pertsonaiak (Mortadelo eta Filemon, Pantera Arrosa, Robin eta Sheriff, Axterix eta Obelix eta abar eta abar) euskaratzeko meritua izan zuen. Horrez gain, euskal kulturako pertsonaia ospetsuei egindako elkarrizketak atera zituen, baita ohikoak ziren Ezetz Igarri lehiaketa eta umeek idazten zituzten gutunen Kili Kartak espazioa ere.
Ezin dogu ahaztu 80.eko hamarkadan sortu zen Kili-irratia. Zenbait irrati ziren Txiki-txoko-txukuna eman ohi zutenak: Bilboko Herri Irratia, Bizkaia Irratia, Arrate Irratia, Radio Vitoria, Iruñeako Euskalherria Irratia eta Lapurdiko Gure Irratia, guztiak ere sintonia ezagun berberarekin, aldizkariaren jardueren berri emanez eta gazteenen zuzeneko partaidetza bultzatuz.
Aurreko mendeko hirurogeigarreneko hamarkadako euskararen munduari egindako errepasoa.
Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapeko Euskal Museoan egingo da erakusketa ekainaren 26ra arte.