Lehen udalekua Hazparnen izan zen, 1998an, Iparraldeko Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Udal Leku Elkarteak antolatuta.
Euskal Herri osoko haur eta gazteek hartzen dute parte bertso udalekuetan. Euskalki aniztasuna da udalekuon ezaugarrietako bat.
Bertsolariekin zuzeneko harremana ere izaten da udalekuetan. Txanda bakoitzean bertso afaria egiten da, eta gaztetxoek aukera dute euren erreferente direnekin jolasteko, hitz egiteko eta bertsotan jarduteko.
Kantugintza da beste zutabe garrantzitsuetako bat. Txanda bakoitzean kantuak sortzen dira, guztien artean udalekuetako diskoa osatuz.
Hezitzaileak, zuzendari, begirale zein sukaldariak, bertso mundukoak eta aisialdian esperientzia dutenak dira.
Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuen 19.edizioa antolatu du 2016ko udarako.
9 eta 18 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena antolatu diren 5 txandeetarako.
Txandak jada zehaztuta daude eta apirilean zabalduko da izena emateko epea.
Izen ematea bi eratara egin daiteke:
- Internetez: webgunean.
- Telefono-zenbakian: 945 18 19 95, goizez.
Izen-ematea epe hauetan egin ahal izango dute:
- Bertso-eskoletako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek: apirilaren 4tik 15era
- Gainerakoek: apirilaren 18tik 29ra
Txanda osaketari buruz, maiatzaren 6a baino lehen emango zaie erantzuna, izena eman duten guztiei.
Bestalde, otsailaren 18tik martxoaren 18ra bitarte eman ahal izango dute izena zuzendari, begirale, sukaldari gisa lan egiteko zein praktikak egiteko interesa duten hezitzaileek.
Izena emateko, zehaztutako epeetan Bertsozale Elkartearen web orrian argitaratuko den fitxa bete beharko da.
Arabako Foru Aldundiaren eskaintza barruan ere bertso-udalekuak izango dira Barrian (Araba), uztailaren 1etik 7ra.
Eskuorrian azaltzen dira txanda bakoitzaren ezaugarriak.