Maiatzaren 3tik 27ra bitartean zabalik egongo da Bilboko Zabalgune eraikineko areto nagusian "Euskara ibiltaria" erakusketa. Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa du oinarri eta bere xedea euskalki eta hizkera desberdinek duten aberastasuna modu grafikoan erakustea da. Akademiak, Bilboko Udalak eta Laboral Kutxak antolatu dute.
Erakusketaren aurkezpen ekitaldia maiatzaren 3an izango da, arratsaldeko 19:00etan. Bertan erakusketaren nondik norakoak azaldu eta aurkezteaz gain, EHHA egitasmoko euskaltzain arduradunek zenbait mapa eta kontzeptu erakutsiko dituzte.
Ekitaldira joan nahi izanez gero, apirilaren 29a baino lehen egiaztatu beharko da, honako helbide edo telefono zenbakian:
- 94 415 81 55 telefono zenbakia
- info@euskaltzaindia.eus helbidea
Bestalde, erakusketa ikusgai dagoen bitartean, Euskaltzaindiak euskalkiei, herri hizkerei eta atlas linguistikoari buruzko hitzaldiak eskainiko dizkie Bilboko hezkuntza-zentroei eta euskaltegiei. Hitzaldion helburuak honako hauek dira: batxilergoko ikasleei gure hizkuntzaren aberastasuna ezagutzera ematea; hizkuntzaren eboluzioa modu grafikoan erakustea; eta atlas linguistikoen nondik norakoak azaltzea.
Hala bada, hezkuntza-zentroek eta euskaltegiek Euskaltzaindiarengana jo dezakete, hitzaldi hauei buruzko informazio eske. Izan ere, Akademiak egutegi zein ordutegi aldetik eskaintza zabala jarriko du zentro horien eskura.
Erakusketa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara.