BilbaoEszenak – Bilboko Udaleko Antzerki Baliabideen Zentroak, euskaraz egiten den antzerkiak dituen erronkei buruzko gogoetarako jardunaldia egingo du datorren maiatzaren 14an –egun osoan– sektoreko eragile guztiekin. Beste batzuen artean Xabi Paya bertsolariaren edo Patxo Tellería dramaturgoaren partaidetza izango duen “Gure Hizkuntza Gure Oholtza” hitzordua, batez ere Arte Eszenikoetako profesionalei egongo da zuzenduta.
Saioa, euskaraz idatzitako antzerkiari buruzko bi hitzaldi praktikorekin zabalduko da, eta arratsaldean, egungo antzerkiaren zenbait protagonistarekin mahai ingurua egingo da. Jardunaldia Amoranteren kontzertuarekin amaituko da. Jardunaldian parte hartzea librea eta doakoa da, baina komenigarria da aurretik izena ematea, leku kopurua mugatua baita. Interesatuta dauden pertsonek maiatzaren 10era arte eman ahal izango dute izena, ghgo.bilbo@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.
Programazioa goizeko 11:30ean hasiko da, Xabi Paya bertsolari, unibertsitateko irakasle, itzultzaile eta Donostia 2016ren Kultura zuzendariarekin. Antzerkiko testua euskarara itzultzean kontuan izan beharreko alderdietan zentratuko da. Ondoren, 12:45ean, Patxo Telleriak, oholtzan funtzionatuko duen euskaraz idatzitako testua idazteko orduan kontuan izan beharreko gakoak emateko ahalegina egingo du.
Arratsaldean gogoeta eta esperientzien trukaketa bultzatzeko mahai ingurua antolatuko da. Mahai inguruko kideak Eneritz Artetxe antzezle eta antzerki irakaslea, Mikel Martínez antzezlea, Agurtzane Intxaurraga antzezle eta Hika Teatroko zuzendaria eta Gaizka Sarasola Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren sortzaileetako bat izango dira. Saioaren helburua, lengoaiari eta hizkuntzak eragin ditzakeen aukerei eta mugei arreta berezia eskaintzea da, zelan baldintzatzen duen oholtza gaineko bizikidetza geografia elebidunean, edo beste baten mende bizi den hizkuntza batean lan egiteak ze baldintza dituen.
Jardunaldiari, arratsaldeko 19:00etan Amorantek eskainiko duen zuzeneko kontzertuarekin emango zaio amaiera. Amorante Iban Urizarren proiektu pertsonala da. Proiektu asko eta askotan parte hartu duen prestakuntza klasikoko musikaria da. Horrez gain, musika bandak idatzi ditu dokumentaletarako, film laburretarako eta spotetarako, eta une honetan, musika tradizionala eta herrikoia eta esperimentazioa eta bat-batekotasuna uztartzen dituen bakarkako proiektuarekin ari da lanean.