Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak Rafael Mikoleta ipuin lehiaketaren XXVIII. edizioko sariak banatuko ditu. Lehiaketa hau Bilboko lehen eta bigarren hezkuntzako eskola-umeentzat da eta ipuinek euskaraz idatzitakoak izan behar dute.
Aurreneko euskal gramatika idatzi zuen Rafael Mikoletaren izena daroa eta urtero egin ohi da 1989az geroztik. Helburua, gaztetxoak euskal literatura eta euskara jorratzera bultzatzea.
Aurtengo edizioan 1.048 ipuin aurkeztu dira guztira, iaz baino 77 gehiago.
Sariak lau kategoriatan daude banatuta (A, B, C eta D):
- Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. Maila, A kategorian
- Lehen hezkuntzako 5. eta 6. Maila, B kategorian
- DBHko 1. eta 2. Maila, C kategorian
- Eta DBHko 3. eta 4. Maila, D kategorian.
Kategoria bakoitzaren barruan hiru sari daude: lehenengoak 180 euroko balioa du, bigarrenak 140 eurokoa eta hirugarrenak 100 eurokoa, eta sari moduan baita epaimahaiaren iritziz aipagarri diren ipuinak ere.
Guztira, 18 ikastetxeko 25 jasoko dituzte sariak.
1.048 ipuinotatik 279 A kategoriakoak dira, 380 Bkoak, 263 Ckoak eta 126 Dkoak.
Honako hauek dira aurtengo epaimahaia osatu dutenak: Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkaria, Lutxo Egia, Igone Etxebarria, Irune Berro, Irati Malatsetxebarria, Juan Ramón Madariaga, Txani Rodriguez, Luis Gutierrez, Pedro Alberdi, Goizalde Landabaso eta Nagore Layuno.
Lehiaketako irabazleak jakinarazteaz batera, ipuin horiek eta epaimahaiaren iritziz argitaragarriak diren beste kontakizun batzuk biltzen dituen liburua aurkeztuko da.