Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak Gobernu Kontseiluan onartu du «Euskara Eskura Txartela» programa abian jartzea HABErekin eta Bizkaiko euskaltegiekin batera. Helburua da euskararen irakaskuntza sustatzea euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan; horretarako, deskontua egiteko bonu bat erabili ahal izango da 2016-2017 ikasturtean.
Proiektua abian jartzeko, Aldundiak 480.000 euroko partida onartu du aurrekontuan, bere konpromisoetako bat betetzeko: neurriak hartzea euskara ikasten ahaleginetan diharduten pertsonei laguntza emateko; era horretan, pertsona horiek animatu nahi ditu euskara ikasten jarraitzera harik eta euskara erabili nahi dutenerako behar besteko jakite-maila lortu arte.
Bizkaian erroldatuta dauden pertsona guztiek ezaingo dute aukera «Euskara Eskura Txartela» (EET) programaren deskontu-bonua erabiltzeko; horretarako, 2015-2016 ikasturtearen lehenengo deialdian, euskararen A1, A2 edo B1 mailak gainditu behar izan dituzte programari atxikitako euskaltegiren batean edo autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean. Maila horiek gainditzeaz gainera, ikastaro presentzialen kasuan, eskola-orduen % 75era joan behar izan dute; autoikaskuntzaren kasuan, berriz, ikastaroaren ordu teorikoen % 7,5ean mintzamen-saioetara joan behar izan dute. Izena www.bizkaia.eus/euskaratxartela web orrian eman behar da, 2016ko uztailaren 1etik 2016ko uztailaren 22ra arte.
EET txartelak izendunak eta besterenezinak izango dira, eta hiru kategoria hauetakoak izan daitezke:
- A1 motako Euskara Eskura Txartela: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 150 eurokoa izango da bonua.
- A2 motako Euskara Eskura Txartela: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 200 eurokoa izango da bonua.
- B1 motako Euskara Eskura Txartela: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 300 eurokoa izango da bonua.
2016-2017 ikasturtean matrikula egiteko EET txartelak aurkeztu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak deskontuen ordainketak zuzenean izapidetuko ditu euskaltegiarekin edo autoikaskuntzarako zentro homologatuarekin.