Aurten ere, Bilboko Udalak eta Euskaltegien sareak herritarrak animatu nahi dituzte 2016-2017 ikasturterako matrikulatu daitezen euskarako ikastaroetan. Euskaltegietako matrikulazioa irailaren 1ean hasiko da. Horretarako, abuztuaren 29tik eta irailaren amaierara arte kanpaina koloretsua ikusiko da kaleetan bilbotarrak euskara ikastera bultzatzeko. Kanpainaren goiburua, berriz, hauxe da: “El euskera para todas las personas y para todos los días”.
Hainbat euskarritan ikusi ahal izango da goiburu hori: uri osoan zehar ibiliko diren 10 Bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan, 5 udal erlojuetan eta irratiko iragarkietan eta San Mameseko kanpoko eta barruko pantailetan.
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltegien sareak elkarrekin egingo dute dei hau hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko. Kanpaina honekin, jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala lortu gura da eta horretarako aurreneko urratsa Bilbon dauden 18 euskaltegietako batera joatea da, irailaren 1etik hasita. Izan ere, euskaltegietan bertan aurkitzen dira euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak.
Euskararen normalizazioan egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei.
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 164.900 euro erabiliko ditu diru-laguntzak emateko euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Kolektibo bi horiek berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran. Bilboko ume eta gaztetxo gehienak ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan.
Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan. Kolektibo bi horiek ez eze, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek ere diru-laguntzak eskuratu ditzakete. Diru-laguntzok 2017ko udan banatuko dira, behin 2016-2017 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.
Kanpaina honekin jendea euskaltegietan euskara ikastera animatu nahi da eta, batez ere, euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila.