Bilboko Udalak, Nontzeberri.com atari kulturalaren laguntzarekin batera, aplikazio mugikorraren formatua duen “Galdeketaun” lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du abian, gazteek euren mugikorretan euskaraz jardun eta jolas dezaten. 12-17 urteko Bilbo eta bere inguruetako gazteei zuzendutako lehiaketa da.
Ekimen horren bitartez, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.
Bilboko eta Bizkaiko kulturari buruzko test motako (galdera eta erantzuna) ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bi pasatxo iraungo duen lehiaketak, azaroaren 14tik urtarrilaren 31ra. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere. Hortaz, edonor izan daiteke saridun.
Zelan parte hartu
Jokoa “Google Play Store” aplikazio-dendatik jaitsi behar da. Lehiatzen hasi aurretik, parte-hartzaileek erabiltzaile-izena eta bestelako datu batzuk adierazi behar dituzte erregistratzeko. Telefono-zenbakia izenari lotua izango da, eta hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono-zenbaki berberarekin.
Aurtengo edizioan, aldaketa ikusgarri berri batzuk ezarri dira, eta gainera, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren kolaborazioa izan du. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren lanari esker galdera berri eta zail dezente gehitu dira jokoan, guztiak Bilbo eta bere itsasadarra lotzen dituztenak. Jolasak jolastasuna sustatzen du, eta nahi beste aldiz jolas daiteke, euskal kultura irakasteko eta ikasteko.
Joan den urtean, ehunka jokalari ibili ziren norgehiagoka, baina harrigarriagoa da 10.000 bider baino gehiago jolastu zutela. Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jolaserako hizkuntza erraz eta normala dela parte-hartzaileentzat, eta era berean, APP hau oso erakargarri bilakatu dela. Aurtengo erronka langa hori gainditzea izango da.
Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus webgunean aurkitu daiteke.