Urte berriarekin berriro hasiko dira umeentzako ikuskizunik onenak euskaraz. Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, abian jarri du, aurten ere, Ikusi eta Ikasi programa, 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat.
Ekimen honen helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.
Hamahirugarren edizio honetako eskaintza era askotakoa da: Antzerkia, magia, musika, dantzak, pailazoak, zirkoa, txotxongiloak, ipuin-kontalariak eta sabeliztuna; gainera, tailerrak, esate baterako, sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelarren tailerrak. Aurten ere gurasoei orientabideak emateko hitzaldiak izango dira, seme-alabei eskoletako lanak egiten laguntzen jakiteko eta emozioak kudeatzen ikasteko. Azken hau berria da.
Programa datorren astelehenean, urtarrilak 16, hasiko da eta apirilaren 5era arte iraungo du. Guztira, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten 66 jarduera garatuko dira Abandoko, Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Santutxuko, eta Zorrotzako udaltegietan, Indautxuko Karmen eta Bilborock aretoetan, Abusuko liburutegian, Euskararen Etxean (San Ignazio) eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan.
Aurten hiru leku berri egongo dira: Euskararen Etxean San Ignazion, Abusuko liburutegia eta Iruarteta eskola San Adrianen. Horrela uriko ia auzo guztietara helduko da programa.
Bilboko Udalak ahalegin handia egin du txikien artean oso harrera ona duen “Ikusi eta Ikasi” programari eusteko eta kalitatea hobetzeko. 13. edizioan programazio berezia egongo da. Guztira, 31 ikuskizun, 28 tailer eta gurasoentzako 7 hitzaldi egongo dira.
Sendabelarren tailerra: tailer berria.
13. edizioan tailerren kopurua handiagoa izango da. Iaz 24 izan ziren eta aurten 28 izango dira. Tailer berri bat izango da aurten: sendabelarren tailerra. Beraz, iazko sukaldaritza, musikoterapia, mozorrogintza eta sormenezko eraikuntza eta barreterapia-tailerrei, sendabelarrei buruzkoa gehituko zaie.
Aurten jende guztiak nahi duen tailerrean plaza lortzeko aukera bera izateko zozketa bat izango da izena eman duten pertsonen artean.
Tailer eta jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, Deustu Bidarteko udaltegian antolatutakoak izan ezik. Hauek 11:00etan garatuko dira.
Gurasoei emozioak kudeatzen irakasteko hitzaldia.
Aurreko edizioen ildo beretik, aurten ere Iñaki Eizmendi hezitzaileak zenbait hitzaldi eskainiko ditu gaztelaniaz, gurasoei orientabideak emateko. Eizmendik horietan euskaraz ez dakiten gurasoei seme-alabei lagundu ahal izateko orientabideak emango dizkie.
Beste alde batetik, lehenengo aldiz, euskaraz izango dira hitzaldi batzuk gurasoek emozioak kudeatzen ikasteko, gurasoak emozioetan hezteko eta horren ondorioz emozioen kontrol ona edukitzeko, seme-alaben etorkizuneko garapenerako gakoa baita. Eukene Larrea psikologo eta terapeutak emango ditu hitzaldiok. Heziketa emozional ona edukita, problema askori modu egokiagoan egingo diete aurre. Hitzaldietara joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hala ere leku mugatuak egongo dira. Guraso zein interesdunek www.ikusietaikasi.net webgunean programazioa, albisteak, bideoak eta agenda kontsultatu ahal izango dituzte; baita aholkuak, tresnak eta baliabideak jaso ere.
Iazko edizioan 6500 pertsonatik gora izan ziren parte-hartzaileak
Ikusi eta Ikasi programak 13 urte bete ditu jadanik, 2005ean hasi zenetik, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz ume bilbotarren artean aisialdirako, eta beti modu dibertigarrian. Iazko edizioan Ikusi eta Ikasi programak 6505 pertsona batu zituen eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatu ahal izan zuten.
Zehatzago, Begoñako Udaltegiak 880 pertsona batu zituen, Bilborockek 830, Deustu Bidarteko Udaltegiak 782, Errekaldeko Udaltegiak 838, Santutxuko udaltegiak 27, Zorrotzako udaltegiak 55, Tiboli eskolak 639, Zamakola eskolak 135, Castañoseko Udaltegiak 37, Abandoko Udaltegiak 306, Basurtuko Udaltegiak 426 eta, azkenik, Karmengo aretoak 1.550 pertsona batu zituen, hain zuzen ere.