Galdeketaun lehiaketaren sari-banaketa izan da Arabiar Aretoan eta horrela amaiera eman zaio hirugarren edizioari. 12 eta 17 urte bitarteko 200 gazte inguru izan dira parte hartu dutenak. Aplikazioak euskaraz ondo pasatzeko eta Bilbori buruzko kultura orokorra ikasteko baliagarria da. Gazteen artean euskara sustatzeko sakelako telefonoko aplikazio honetan 10.000 jokaldi inguru izan dira.
Bilboko Udalak, Nontzeberri.com kultur atariarekin elkarlanean eta Bilboko Itsas Museoaren ekarpenaz, euskarazko tresnen erabilera sustatu gura du eta adin tarte horretan euskara jolasteko eta ezagutzak hartzeko erabiltzea gura du. Horretarako egin da Galdeketaun lehiaketaren hirugarren edizioa, azaroan, abenduan eta urtarrilean. Test moduko galdera aleatorioak egiten dira, kulturari, kirolari, arteari eta geografiari buruz. Bilbo, Athletic eta itsasadarra gai garrantzitsuak dira. Parte-hartzaileak 15 minutuan ahal duen puntuaziorik handiena lortu behar du eta zenbat-nahi bider jolas daiteke. Jokaldi batzuetan 4.000 puntu baino gehiago lortu dituzte. Aparteko marka, zalantzarik gabe.
Bilboko Udalak hirugarren edizioko irabazleei sariak entregatu dizkie gaur arratsaldean Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan. Javier Orbe, 16 urtekoa, puntuaziorik handiena lortu duena; eta Ane Rodriguez ,13 urtekoa, lehenengo hamarren artean geratu dena, izan dira sarituak. Azken teknologiako sakelako telefono bana irabazi dute; hain zuzen, Bq Aquaris X5 Plus eta Bq Aquaris X5 telefonoak, hurrenez hurren.
Tablet (Bq Aquaris M10) biren zozketa egin da parte-hartu duten guztien artean. Endika Ezquerrak (13 urtekoa) eta Ruben de Noiak (16 urtekoa) irabazi dute tablet bana.
Arrakastatsutzat jo daiteke hirugarren edizioa, iazko parte-hartzearen kopuruari eutsi baitzaio. Ia 200 parte-hartzaile egon dira eta 10.000 jokaldi inguru. Horrek frogatzen du euskara parte-hartzaileen artean hizkuntza erraza eta ohikoa dela. APPa, bestalde, oso erakargarri egin da.
Doan jaitsi zitekeen jolasa “Google Play Store” erabiliz. Parte-hartzaileek ezizen edo erabiltzaile-izen bat, telefonoa eta adina erregistratu behar izan zituzten lehiatzen hasi aurretik. Telefono-zenbakia ezizen bati lotuta dago eta horrela ezin da telefono bera erabiliz ezizen ezberdinekin parte hartu. Aurten galdera berri asko egon dira, batez ere Bilboko Itsas Museoaren lankidetzari esker. Euskaraz ondo pasatzea eta euskal kulturaz ezagutzak hartzea eta ikastea dira jolasaren xedeak. Nahi bestetan jolasteko aukera egon da.