Loraldia jaialdia martxoaren 7an hasiko da Arriaga antzokian, Tartean Teatroa taldearen lan berriaren munduko estreinaldiarekin, eta apirilaren 8an amaituko da Mikel Urdangarinen disko berriaren zuzeneko aurkezpenarekin. Bien bitartean, kultur emozioz betetako 29 egun izango dira, unibertso euskalduneko diziplina artistiko guztietako hogeita hamarren bat ikuskizun, bi ekoizpen propio eta 150 artisten parte-hartzea ekarriko digutenak.
Sarrerak salgai daude gure webgunean eta baita antzoki eta areto bakoitzeko leihatiletan eta online txarteldegietan ere. Aurten, Loraldia Elkarteak Lorazainaren figura jarri du martxan, festibalaren inguruko komunitate bat sortzeko asmoz. Ekimen honen arabera, webgunearen bidez izena ematen duenak deskontuak izango ditu sarreren prezioan, beste aukeren artean.
MUSIKA
Pete Seeger New Yorkeko folk abeslari mitikoaren omenezko kontzertua izango da martxoaren 26an, Arriagan, Oier Aranzabal, Rafa Rueda, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, Joseba Irazoki, Izaro eta beste musikarien partehartzearekin.
Bestalde, Campos Antzokian Mikel Urdangarinek aurkeztuko du disko berria, Xabi Aburruzagatrikitilaria zelta kontzertu handi baten buru izango da eta Donostiako Musika Eskolako Orkestrak Aitor Amezagak egokitutako hainbat euskal musikariren abesti ezagunak eskainiko ditu.
Camposetik irten gabe, jazz musika ekarriko digute Bartzelonan bizi diren bi euskal musikari handik eta haien taldeek: Angel Celada bateria-jole gasteiztarrak -Carla Sevilla abeslariarekin batera- eta Gorka Benítez saxofoi-jole bilbotarrak.
Rock musika, berriz, apirilaren 1ean izango dugu entzungai, Badok Egunean, Hesian eta Lukiek taldeak eta Mallabiako Izaro bakarlaria arituko baitira, lehenengo biak Kafe Antzokian eta hirugarrena Biba aretoan.
Hip hop eta rap musikarik ere ez da faltako, 2zio (Iparralde), Acykal & Layiee (Londres) eta EH2000 & Laize (Bizkaia) taldeen eskutik, Bilbronx programaren barruan. Azkenik, Esne Beltza taldeko buru eta trikitilari Xabi Solano Maizak bere azken disko-liburua aurkeztuko du.
ANTZERKIA / DANTZA
Erabateko lau estreinaldi izango ditugu: ‘Strip-tease’ , Fernando Bernués, Mireia Gabilondo, Jokin Oregi eta Garbi Losada eszena-zuzendarien beste horrenbeste antzerki-pieza argitaragabeek osatzen dutena; ‘EZ DOK HIRU. Euskal musikaren benetako istorioa’, Tartean Teatroren (Mikel Martinez eta Patxo Telleria) euskal musikaren historiari errepaso umoretsua; Felipe Lozak zuzendu eta Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak antzeztu Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak; eta Loraldia Eskola (Lore jokoak eskola ekimena), Urretxindorra ikastolako eta Deustuko Ikastolako ehun ikasle inguruk prestatzen diharduten ikuskizuna.
Horrez gain, Julio Villar nabigatzaile donostiarraren liburuan oinarritutako ‘E, Petrel’ antzezlana; Logela Multimediaren robotak protagonista dituen familia osoarentzako lana; Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak egingo duten Dario Foren eta Franca Rameren oroimenezko emanaldia eta Ander Lipusek eta Onintza Enbeitak eskainiko duten gorputz-hizkuntzari buruzko tailerra izango ditugu.
Dantzaren atalean, Mikel Laboaren unibertsora bidaia egingo dugu Dantzaz konpainiaren eskutik eta Kukai dantza taldearen hamabosgarren urteurrena ospatuko dugu. Halaber, ‘Oskara Plazara!’ dokumentala aurkeztuko dugu.
ZINEA
Duela 80 urte Rene Le Hennaff zinegile frantziarrak 3D teknikaren antzekoa erabiliz errodatu zuen ‘Euskadi’ 20 minutuko film laburra. Filma galduta egon zen Josu Martínez ikertzaileak Parisen aurkitu zuen arte. Loraldiari eta UPV/EHUri esker, martxoaren 15ean izango da ikusgai Azkuna Zentroan. Proiekzio historikoa izango da.
Egun horretako egitarauaren barruan euskal kulturari buruzko bi dokumental bitxi erakutsiko ditugu, Suediako telebistak 1960an filmatutako ‘Basker’ eta ‘Bonde i Baskerland’.
Zinemarekin jarraituz, euskal zinemagintzan aitzindari izan zen Mirentxu Loyarteri buruz egin duen dokumentala aurkeztuko du Iratxe Fresnedak martxoaren 30ean Azkuna Zentroan. ‘Irrintziaren oihartzunak’ Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen eta oso harrera ona izan zuen.
LITERATURA
Apirilaren 2an, literatura, bertsoak eta musika uztartuko dituen ekitaldia izango da Guggenheim Museoan. Kirmen Uribek argitaragabeko literatur testua irakurriko du, bi bertsolari bertsotan arituko dira eta Angel Unzuk musika eskainiko du zuzenean. Literaturaz eta musikaz osatuta dago ere ‘Isabel Iturberen bizitza eta heriotza’ ikuskizuna. ITU bandako idazle gazteek eta Kaluse rock psikodelikoko taldeak Itsas Museoan eskainiko duten ikuskizuna.
Azken hamarkadetako euskarazko literaturan Bilbo hiriak izan duen islari egindako gainbegirada kritikoa egingo du Lutxo Egiak. Kritikarekin batera, umorea ere azalduko dira Iban Zaldua idazleak Iñigo Astiz kazetariarekin izango duen elkarrizketan. Azkenik, Miren Amurizak eta Kattalin Minerrek beren azken literatur argitalpenak aurkeztuko dituzte Bilbon.