Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia den Koldo Narbaizak gaur eman du "Euskararen dimentsioa" ekimenaren saria. Kanpaina hori Alkarbiderekin batera egiten da Bizkaiko hainbat udalerri eta mankomunitatetan, eta gurasoei zuzenduta dago, seme-alabak euskaraz matrikulatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko asmoz.
Kanpaina eskoletako aurrematrikulazioa egiteko garaian zabaltzen da. Era berean, http://www.emangiltza.eus/index.php/eu/euskararen-dimentsioa-kanpaina webgunean inkesta bat egiten da, interesdunek iritzia eman dezaten eta zerbitzua hobetzen lagun dezaten. Parte hartu duten guztien artean zozketa bat egiten da eta aurten Arkaitz Cámara bilbotarrak irabazi du saria. Arkaitz Julenen aita da eta Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziaren eskutik jaso du euskarazko produktuen multzoa, 100 euroko balioa daukana.
Eman Giltza – ¡Háblale, escúchale!
Aurrematrikulazio kanpaina hau “Eman Giltza – ¡Háblale, escúchale!” programaren barruan dago. Programa horren bidez, seme-alabak izan berri dituzten gurasoei jakinarazten zaie euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzea oso garrantzitsua dela. Gero, hezkuntza D ereduan jasotzeko garrantziaz kontzientziatzeko egiten da kanpaina. Euskarazko ereduak hezkuntza sendotzen eta aberasten du, baina gogoratu behar da euskara ez dela umeen kontua soilik, familia osoarena baizik.
Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Saila, euskaraz ez dakiten gurasoengan euskarazko heziketak sortzen duen kezkaren jakitun, Alkarbiderekin batera urtero bidaltzen die haur bat izan duten familiei euskaraz komunikatzeko garrantziari buruzko informazioa. Hori "Euskararen dimentsioa” programaren barruan dago, eskolako aurrematrikulazioa egiteko garaian D ereduan egiten den heziketaren garrantziaz familiak kontzientziatzeko; umeek gutxienez hiru hizkuntza jasoko dituzte, euskara hizkuntza nagusia delarik.
Kanpaina honen bidez familia osoa inplikatu nahi da, hizkuntza bateko hezkuntzak arrakasta izan dezan ezinbestekoa baita hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa (gurasoak, irakasleak, ikasleak). Bigarren hizkuntza batean murgiltzearen esperientziak arrakasta izango du hezkuntza-komunitate osoa motibatuta eta inplikatuta dagoenean. Hori dela-eta, familia da umeen hazkuntza prozesuaren eta hizkuntzen ikasketa prozesuaren protagonista, horietako hizkuntzaren bat jakin ez arren. Euskaraz hazteko beharrezkoa da inguruak bizigarriak ematea hizkuntza horretan, txiki-txikitatik.
Programak webgune propioa dauka: www.emangiltza.eus. Bertan jasotzen dira euskararen transmisioa sustatzeko eta bermatzeko jarraibideak, tresnak eta baliabide garrantzitsuak. Era berean, gurasoen lekukotzak ikus daitezke; horrela argituko ditugu sor daitezkeen kezkaz, ardurak edo beldurrak.
Eman Giltza programaren barruan, aurrematrikulazioko kanpainan inkesta bat egiteko gonbitea egiten da, ekimen berriak egin ahal izateko eta orain daudenak aztertzeko, gurasoen iritziak erabilita. Guraso horien ekarpena eskertzeko, opariak zozkatzen dira inprimakiko lauki guztiak bete dituztenen artean, programa honen barruan dauden Bizkaiko udalerri eta mankomunitateetakoak badira.
Aurten, saria Bilbon tokatu da. Arkaitz Cámara aitak jaso du saria D ereduko aurrematrikulazio kanpainaren inkesta egiteagatik, euskarazko materialen multzoa, 100 euroko balioa daukana.