Asteburu honetan helduko da amaierara XII. edizioan Harrapazank, entseguak eta casting-ak egiten 3 hilabete eman ondoren. Zapatuan, maiatzak 6, 19:00etan hasita Harrapazank lehiaketako Senior kategoriako finala izango da eta domekan, maiatzak 7, 18:00etan hasita Junior kategoriako finala. Final biak Bilborock aretoan izango dira.
Harrapazank programaren barruan dagoen Distirazank lehiaketak sormena eta talentua sustatu nahi ditu, 9 eta 18 urte bitarteko bilbotarren artean, zenbait modalitateren bidez.
XII. edizio honetan 222 gaztek eta 73 taldek hartu dute parte. Junior modalitatean, 158 gaztetxok eta 42 taldek eta Senior modalitatean 64 gaztek eta 31 taldek. Kategoria bakoitzean 10 talde dira finalera heldu eta asteburu honetan Bilborock aretoan jardungo dutenak.
Junior galan, 10 talde arituko dira dantza, antzerki eta musika modalitateetan. Seniro galan beste 10 talde, dantza, antzerki, musika eta olerki musikatuen kategorietan.
Miren Gaztañaga aurkezleak gidatuko ditu final biak. Horietan talentua duten zenbait gazte bilbotar arituko dira dantza, musika, antzerki zein magia egiten Bilborock aretoan. Sorpresa batzuk ere izango dira final horietan. Xabi Hoo, Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegría artistak dira epaimahaia osatzen dutenak eta lan zaila izango dute edizio honetako irabazleak aukeratzeko. Aurten, gainera, orain EITB-n gazteentzako Bago!az telesailean ikus dezakegun Iholdi Beristain artista eta kantaria gonbidatu berezia izango da.
Kategoria bietan 10 talde finalista daude eta kategoria bakoitzean irabazleak 500 euro irabaz dezake. Edonor sar daiteke doan Bilborock aretoan izango diren galetara, aretoko leku guztiak bete arte.
Harrapazank 2017
Harrapazank euskararen erabilera gazteen artean sustatu, esperientzia positibo eta parte hartzaileen bitartez gazteen motibazioan eragitea lortu eta gazteen gustuko ekintza parte hartzaile eta erakargarriak eskaintzera bideratutako egitasmoa da; hori gazteen kolektiboa protagonista izanik. Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak bultzatzen du programa hau, euskararen sustapenerako bertako elkarteen federazioa den Euskaltzaleen Topagunearekin batera.
Harrapazank lehiaketaren aurtengo edizioan, 73 taldek eta 222 gaztek parte hartu dute. Gainera, 9 irakasle izan dira entseguetan: Ugaitz Alegria, Ines Bermejo, Eire Larrea, Andrea Covadonga, Urtza Zuazo, Jon Casamayor, Iñaki Maruri, Iratxe Urkiaga eta Koldo Olabarri.
Aurten sare sozialak baliatu ditu Harrapazank programak berriz ere gazte bilbotarren komunitatea sendotze aldera, eta horren lekuko da www.harrapazank.eus ataria. Web guneak sarrera berriak, bideoak eta argazkiak, eta sare sozialetara loturak jaso ditu eta parte-hartzaileen gurasoek beraiei zuzendutako atal bat izan dute ikusgai. Harrapazank programak kanal bat izan du Youtuben eta profilak Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan.
Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak, euskara elkarteen federazioa den Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatutako programari buruzko informazio zehatza eta egokitua aurkitzeaz gain, gazteak, parte hartzaile pasiboak izatetik aktibo izatera pasatu dira, norabide biko komunikazioa sortuz.
Harrapazankek jarraipena izango du udaren ostean
Orain diren Distirazank finalekin ez da amaituko Harrapazank programa. Aurreko urteotan emanaldiak izan ziren programaren amaiera. Aurten jarraipena izango du programak udazkenean. Hiru jarduera berri izango dira uda amaituta:
1- SELFIE LEHIAKETA
Abenduaren 31ra arte selfie-ak bidal daitezke Harrapazankek Instagramen duen sare sozialera. “Gustukoa dut” sakatzeko aukera egongo da eta hil bakoitzean “gustukoa dut” gehien duenak sari bat irabaziko du. Guztira hamabi betaurreko birtual banatuko dira, hilean bat. Irabazle suertatutako argazkiez 2018ko Harrapazank egutegia egingo da.
Instagramen argazkiak eskegi eta lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek hastad-ean hauxe jarri beharko dute: #Harrapazank #Dozena1selfie. Sari-banaketa abenduaren 2an, Bilborock aretoan, Harrapazank Txalofest jaian.
2- IZARREN HAUTSA AKADEMIA
Distirazank udazkenean ere izango da. 9 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrek aukera izango dute akademia horretan parte hartzeko; hain zuzen, euren musika, dantza edo antzerkiko trebetasunak hobetzeko. Urrian eta azaroan izango da Izarren Hautsa Akademia. Bilboko udaltegi batzuetan izango da. 60 gaztek parte hartu ahalko dute eta saioak eskaini abenduaren 2an, Bilborocken, Txalofest jaian. Bideoklip bat ere grabatu ahalko dute eta bideoklip hori Txalofest jaian erakutsiko da.
3- KLIKAZANK LEHIAKETA
Hirugarren nobedadea aurten Internet bidezko “Klikazank” lehiaketa izango da. Programa honen helburua teknologiek euskaraz eskaintzen dituzten baliabide ludikoak ezagutzera ematea da.
Lehiaketa urrian eta azaroan izango da. Parte-hartzaileek galdera batzuei erantzun beharko diete denbora-tarte jakin batean APP, web-orri zein programa batzuetan, ezagutzan sakonduta horien erabilera sustatzeko. Emaitzak posta elektronikoz bidali beharko dira. Gazteek 12 urtetik gorakoak izan behako dute. Parte-hartzaileen artean zozketa bat egingo da eta abenduaren 2an Harrapazank Txalofest jaian teknologia berriekin zerikusia duen sari bat irabazteko aukera izango dute.
Informazio guztia webgune honetan dago: www.harrapazank.eus. Edozein modalitatetan parte-hartzeko gurasoen baimena behar da.