“Euskera is in the Air – Vive Bilbao en euskera” goiburuaren bidez, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak kanpaina hau atera dute kalera herritarrak euskara ikastera eta hitz egitera bultzatzeko.
Kanpaina honen helburua da 2017-2018 ikasturteko euskarako ikastaroetan izena ematera bultzatzea. Matrikulatzeko epea zabalik egongo da hilaren amaierara arte. Herritarrak euskara ikastera bultzatzeko, gaur hasi eta irailaren amaierara arte, kanpaina koloretsua ikusiko da uriko kaleetan “Euskera is in the Air – Vive Bilbao en euskera” goiburupean. Helbururik behinena euskera pertsona guztien eguneroko tresna bihurtzea da.
Goiburu hori zenbait euskarritan ikusi ahal izango da: uri osoan zehar ibiliko diren 5 Bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan, Udalaren 5 erlojutan eta irratiko iragarkietan.
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltegien sareak elkarrekin egingo dute dei hau hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko. Kanpaina honekin, jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala lortu gura da eta horretarako aurreneko urratsa Bilbon dauden 17 euskaltegietako batera joatea eta urriaren 1ean hasiko den ikasturterako matrikulatzea da. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko hilaren amaierara arte.
Izan ere, euskaltegietan bertan aurkitzen dira euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak.
Euskararen normalizazioan egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei.
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 164.900 euro erabiliko ditu diru-laguntzak emateko euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Kolektibo bi horiek berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran. Bilboko ume eta gaztetxo gehienak ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan.
Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan. Kolektibo bi horiek ez eze, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek ere diru-laguntzak eskuratu ditzakete. Diru-laguntzok 2018ko udan banatuko dira, behin 2017-2018 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.
Euskaltegien sarea
Bilbon 17 euskaltegi daude, uriko zortzi barrutietatik zazpitan. Iaz, 2016-2017 ikasturtean, 8.000 ikasletik gora eman zuten izena.
Hauek dira Bilboko euskaltegiak:
- 1. Barrutia (Deustu)
- 3. Barrutia (Txurdinaga-Otxarkoaga)
- 4. Barrutia (Begoña)
- 5. Barrutia (Ibaiondo)
- 6. Barrutia (Abando)
- 7. Barrutia (Errekalde)
- 8. Barrutia (Basurtu-Zorrotza)
Kanpaina honekin jendea euskaltegietan euskara ikastera animatu nahi da eta, batez ere, euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila.