- Bilboko Udalak, Bilbao Dendak plataformarekin, HABErekin (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta euskaltegien sarearekin elkarlanean, eta Siadecoren laguntza teknikoarekin, saltoki euskaldunen aldeko apustua egin du BIRIBILKO programaren bidez eta horregatik, merkataritzan lan egin eta euskara ikasi edo hobetu nahi duten pertsonentzat euskara-ikastaroak eskaintzen jarraituko du.
- Biribilko Bilboko merkataritzan euskararen erabilera normalizatzeko plana da; 2009an sortu zen eta harrezkero, 1.261 izen-emate egin dira merkataritzako sektorean euskara ikasteko edo hobetzeko.
- 2016-2017 ikasturtean, 170 pertsonak parte hartu zuten eta balorazioa oso ona izan zen, ikasleen artean batez beste 8,4ko puntuazioa lortuz. Partaideen % 74,8 emakumezkoak izan ziren eta batez besteko adina, 45 urtekoa.
- Urriaren 6ra bitartean, Bilboko merkataritzaren arloan lanean diharduen edozein pertsonak izena eman dezake euskaltegietan eta www.biribilko.eus web orrian.
- Aurreko edizioetan legez, honako honetan ere ikastaro-mota bi eskaintzen dira: bat euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa, euskaraz ez dakiten edo oso gutxi dakitenentzat eta bestea, euskara komertziala hobetu nahi dutenentzat.
Bilbon, 2017ko irailaren 26an. Bilboko Udalak hiri euskaldun baten aldeko apustua egin du eta horrek dakar sektore guztiek euskara erabiltzea. Horregatik, merkataritza sektorea euskaraz bizi dadin eta euekaraz lan egin dezan, Biribilko euskara-ikastaroak eskaintzen ditu, uriko merkataritzaren sektorean diharduten pertsonentzat.
Bilboko Udalak, Bilbao Dendak plataformarekin, HABErekin (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta euskaltegien sarearekin elkarlanean, eta Siadecoren laguntza teknikoarekin, aurten ere BIRIBILKO programa abain jarriko du, Bilboko merkataritzaren arloko euskara normalizatzea sustatzea eta bultzatzea eta euskararen presentzia areagotzea helburu duen programa.
Merkataritza urian gizarte eta ekonomiaren ikuspuntutik dauden sektoreetan garrantzitsuenetakoa da. Alde batetik, Bilbo inbertsiorako uri erakargarria izatea, enplegua eta aberastasuna sortzen dituen uria izatea eta nortasunari eustea garrantzitsuak dira gure uriak etorkizunari begira identifikatuta dituen lau erronketan; eta, hain zuzen, nortasunari eusteko euskarak berebiziko garrantzia du.
Aurreko edizioetan bezala, Biribilkoren eskaintzan euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroak eta hobetzekoak sartzen dira. Ikastaro bakoitza 90 ordukoa izango da. Biribilko 2017-2018 ikastaroetan izena emateko baldintza bakarra Bilboko merkataritzako lokal batean lan egitea da.
Izena emateko epea irailaren 11n hasi eta urriaren 6ra (barikua) bitartean egongo da zabalik. Euskaltegietan eta www.biribilko.eus web orrian eman daiteke izena, “Heziketa” atalean dagoen formularioa beteta; atal horretan bestelako materiala ere eskaintzen da: internet bidez norbere kontura ikasteko baliabideak, sareko hiztegiak eta material didaktikoa.
Ikastaroen ordutegiak saltokien ordutegiei egokitutakoak dira, alegia, goizeko lehenengo orduan, dendak zabaldu aurretik, 08:00etatik 09:30era, edo bestela, eguerdian, 14:15etik 15:45era.
Bilboko Udalak eta HABEk diruz laguntzen dituen Biribilko programako ikastaroak euskaltegi hauetan ematen dituzte:
- Bilbo Zaharra, Posta kalea, 8. (Tel.: 94 4158292)
- Gabriel Aresti, Done Bikendi, 2 – 4. solairua (Tel.: 94 4237591)
- Indautxu AEK, Urkixo zumarkalea, 88 (Tel.: 94 4413474)
- Juan Mateo Zabala, Gordoniz kalea, 22 (Tel.: 94 4221388)
- Lizardi AEK, Txakur kalea, 1 (Tel.: 94 4168200)
- Matxintxu AEK, Ramon y Cajal etorbidea, 8 (Tel.: 94 4752233)
- Santutxuko AEK, Arbidea kalea, 21 (Tel.: 94 4117656)
- Ulibarri euskaltegia, Gardoki kalea 3 (Tel: 94 4162472)
Biribilko programaren eta ikastaro horien gaineko informazioa www.biribilko.com web orrian aurki daiteke. “Hizkuntza Baliabideak” atalean dohainik sartu daiteke sareko itzultzaile automatikoetara, merkataritzako errotuluetara, hiztegietara eta euskarazko oinarrizko esamoldeetara, baita merkataritzan ohikoak diren dokumentuetara eta lan-euskarrietara ere.
PARTAIDEEN BALORAZIOA ALTUA
Bilboko merkataritzarako aurreneko ikastaroak 2009an hasi ziren antolatzen eta ordutik, parte-hartzea gero eta handiagoa izan da. Ildo horretan, aurreko edizioan 170 pertsona matrikulatu ziren. Partaideen % 74,8 emakumezkoak izan ziren eta batez besteko adina, 45 urtekoa. Guztira, programa abian jarri zenetik 1.261 pertsona izan dira parte-hartzen.
Biribilko programako ikastaroetara joan ziren pertsonen balorazioa oso ona izan zen. Izan ere, aurreko edizioan ibili ziren ikasleek, 0 eta 10 arteko eskala batean, batez beste 8,4ko puntuazioa eman zuten eta % 66k ikastaroa amaitu zuen.
Hamar pertsonatik seik uste du dendetan euskara erabiltzea modernizazioaren, prestigioaren eta erakargarritasunaren seinale dela.
Ikastaro hauetan parte hartu duten pertsonen iritziz, euskaraz hitz egitean negozioa errentagarriagoa bihurtzen da, bezeroen fideltasuna handiagoa delako, kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzen dutelako, bezeroarekiko hurbilago sentitzen direlako eta bezeroak pozago ikusten dituztelako.
Azken hamar urteotan Bilboko euskaldunen kopurua ia bikoiztu egin da. Bilbon 80.000 bezero euskaldun dago eta Bilbo Handiak hartzen duen eremuan, 200.000 inguru. Eta horiei ia euskaldunen kopurua batuta, eremu metropoliarrean 410.000 pertsona izango genituzke.
Era berean, bizntanleen % 75ek jarrera positiboa erakusten du Bilboko merkataritza sektorean hizkuntza-normalkuntza sustatzen duten proiektuekiko. Izan ere, biztanle gehienek uste dute euskarak Bilboko merkataritzan duen presentzia areagotu egingo dela datozen urteetan eta beraz, hortik dator Bilboko merkataritza sektorea euskalduna izateko egiten den ahalegina.