Bilboko Udala, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, Bilboko gazteen arteko euskararen erabilerari buruzko ikerketa bat egiten ari da “Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez? Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon” izenburupean. Proiektu hau aurrera ateratzeko, nahitaezkoa da Bilboko gazteen parte hartzea. Horren kariaz, Bilboko Udalak dei egin die 15 eta 22 urte bitarteko gazteei ekimen honekin bat egin dezaten, Eusko Ikaskuntzarekin harremanetan jarriz.
Ikerketaren helburuak honakoak dira: batetik, Bilboko gazteek euskararekiko dituzten esperientziak ezagutzea eta beraien euskararen erabilera sustatzeko gakoak identifikatzea; eta bestetik, gazteon artean euskararen erabilera indartzea eta gazteoi hitza ematea.
Gazteen artean euskaldun kopurua handia den arren, asko testuinguru soziolinguistiko oztopotzaileetan bizi dira, alegia, euskaldunen ehunekoa murritza den herrietan, Bilbon esaterako. Testuinguruotan gazteek aukera gutxi izaten dute euskara kalean erabiltzeko, eta esan daiteke eskola edota unibertsitatea izaten dela euskaraz egiteko duten leku bakarretakoa. Erabilera urri horrek gazteon hizkuntza identitatean eta euskararekiko eraikitzen duten loturan ere badu eraginik. Horregatik, gazteek euskara nola bizi duten eta etorkizunean euskararekin izango dituzten hizkuntza-praktikak nolakoak izango diren aurreikustea ezinbestekoa gertatzen da.
Izaera kualitatiboa duen ikerketa honek, bi fase izango ditu: lehenengoa, gazteentzat zuzendutako foro-partehartzailea; bigarrena, Bilboko eragileekin kontraste mintegi bat.
GAZTEEKIKO FORO PARTE-HARTZAILEA
Foroaren xedea gazteen euskararekiko bizipen, esperientzia eta nahiak ezagutzea da, dinamika parte hartzaileak eta ludikoak erabiliz.
Zehazkiago esanda, Bilboko 15 eta 22 urte bitarteko perfil ezberdinetako gazteek parte hartuko dute:
• Euskara etxean ikasitakoak eta eskolan euskaldundutakoak.
• Eskolatik kanpora beraien eguneroko bizitzan euskara badarabiltenak edota gutxi ala oso gutxi erabiltzen dutenak.
• Erabiltzeko nahia edo jarrera aktibo bat agertzen dutenak zein jarrera pasiboagoa erakusten dutenak.
• Euskararekiko lotura afektibo handia dutenak eta lotura epelagoa agertzen dutenak.
Foroak bi saio izango ditu eta urriko bi larunbat goizetan ospatuko da, urriak 7 eta urriak 21, Bilboko Euskararen Etxean.
ERAGILEEKIKO KONTRASTE MINTEGIA
Bilboko gazteekin kontaktu zuzena dituzten eragileak eta euskalgintzako eragileak izango dira mintegi honetako parte hartzaileak.
Gazteentzat zuzendutako ekintzak programatzen dituzten eragileek zer esana badutelako. Euskara sozializatzeko eta ikasi dena erabiltzeko esparru berriak behar dira, euskara afektibitatearekin, gizarteko harremanekin eta aisiarekin lotuko dutenak. Eta, horrekin batera, euskararen hiztun-mota guztien arteko erlazioak sustatzea funtsezkoa da.
Hauexek dira mintegiaren helburuak:
• Gazteak foroan esan dutena eragileekin kontrastatzea.
• Eragileen lanetik eta gazteen euskara erabilerari begira, identifikatzen dituzten erronken gainean hausnarketa egitea.
LAN TALDEA
Ikerketa hau, Eusko Ikaskuntzak sustatuta, Deustuko Unibertsitateko Jone Goriogolzarri eta Idoia Carramiñana, eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako, Ane Ortega-Etcheverry ikerlariek zuzentzen dute. Prozesu honetan parte hartu nahi izanez gero, bai gazte bai ekintzaile bezala, Eusko Ikaskuntzarekin jar zaitezke harremanetan posta elektronikoz