Deustualdean euskaldun asko bizi dira, baina ez da nahi beste euskara entzuten. Horregatik, Deustualdeko euskaldunek azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte euskaraz biziko dira, inguru horretako hizkuntza-ohiturak iraultzeko asmoz. Beste leku batzuetan ere antzeko ekimenak egin izan dira: Egian, Lasarten edo Agurainen. Gainera, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Euskaltzaleen Topaguneak Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz Euskal Herri mailako aktibatze kanpaina abiatuko du.
Horiek horrela, Deustualdean aurten probako saioa egitea erabaki dute eta webgunearen bidez 11 EGUN EUSKARAZen jarraipena egiteko aukera izango dugu. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte euskaraz biziko dira Deustualdean eta erronka horretan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute webgunearen bidez.
11 EGUN EUSKARAZen parte hartzeko Deustualdean jaio, bizi, ikasi edota lan egiten duen 14urtetik gorakoa izan behar da, eta horrez gain, izen-ematea bete behar da eta konpromisoa sinatu.
11 egunez euskaraz bizitzea da erronka, eta hori egiteko bi modu daude: Ahobizi eta Belarriprest.
• Ahobizi: Ahobizi izan nahi baduzu, euskaraz bizi beharko duzu 11 egunez. Zer dakar Ahobizi izateak? Euskara dakiten edo ulertzen dutenekin euskaraz egin beharko du berba beti, erdaraz erantzun badiote ere. Ezezagunekin lehen berba euskaraz egingo du, eta ulertzen badiote, euskaraz jarraituko du.
• Belarriprest: Belarriprest izateko euskaraz ulertu behar duzu nahitaez. Zer dakar Belarriprest izateak? Euskararen aldeko jarrera erakustea, euskaraz dakienari zuri euskaraz egiteko eskatzen baitiozu. Euskaraz egin nahi duenari lagundu egiten diozu euskaraz egiten: “Egidazu euskaraz lasai, ulertzen zaitut eta!”. Euskara gehiago erabiltzen laguntzen duzu eta, nahi izanez gero, mihiari eragiteko aukera ere baduzu!
Ahobizi edo Belarriprest izateko, lehenik eta behin, izena eman behar da; bi aukera daude: foiletoa bete eta Berbaizun (Ramon y Cajal 42, behea) utzi edo webguneko eskabidea bete. Orduan txapa emango diote parte hartzaileari eta soinean eraman beharko du 11 egunez. Horren ostean, egingo diren bi inkestei erantzun beharko die.
Eskuorria (eskuorria1.pdf)