Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen du Bizkaidatz Txikia izeneko lehiaketa ume eta gaztetxoen artean irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzeko. Lehiaketa hau Lehenengo eta Bigarrengo Hezkuntzako ikasleentzako da eta azaroaren 16an amaituko da lanak aurkezteko epea.
Aurreko edizioetan bezala bi ipuinen hasiera idatzi dute Leire Bilbaok eta Toti Martinez de Lezeak eta parte hartzaileek bi horietako bat aukeratu eta amaiera idatzi beharko dute.
Euskarazko sailean Leire Bilbaok Munstro bat nire ispiluan izeneko istorioaren hasiera idatzi du. Gaztelaniazko sailean, berriz, Toti Martinez de Lezeak El secreto de la isla istorioa idatzi du.
Bi istorioak liburuxka batean bildu dituzte eta ikastetxe, liburutegi eta bestelako aretoetan banatuko da. Gainera, bi istorioez gain hainbat marrazki ere jaso dituzte: Leire Bilbaoren istorioko marrazkiak Elena Ciordiak egin ditu eta Toti Martinez de Lezearenak, berriz, Estibalitz Jalonek.
Epaimahaiak sail bakoitzeko onenak aukeratuko ditu eta adinaren arabera bi kategoriatan banatuko dira. Bi irabazle egongo dira beraz, kategoria eta hizkuntza bakoitzean, hau da, zortzi saritu izango dira guztira.
Aurreko edizioan, 262 kontakizun aurkeztu ziren lehiaketara, horietatik 132 euskaraz.