Bilboko Udalak, Nontzeberri.com atari kulturalaren laguntzarekin batera, aplikazio mugikorraren formatua duen Galdeketaun lehiaketaren laugarren edizioa jarri du abian, gazteek euren mugikorretan euskaraz jardun eta jolas dezaten. 12-17 urteko Bilbo eta bere inguruetako gazteei zuzendutako lehiaketa da.
Ekimen horren bitartez, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.
Bilboko eta Bizkaiko kulturari buruzko test motako (galdera eta erantzuna) ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bitan iraungo duen lehiaketak, abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere. Hortaz, edonor izan daiteke saridun.
Jolasak jolastasuna sustatzen du, eta nahi beste aldiz jolas daiteke, euskal kultura irakasteko eta ikasteko.
Zelan parte hartu
Jokoa “Google Play Store” aplikazio-dendatik jaitsi behar da. Lehiatzen hasi aurretik, parte-hartzaileek erabiltzaile-izena eta bestelako datu batzuk adierazi behar dituzte erregistratzeko. Telefono-zenbakia izenari lotua izango da, eta hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono-zenbaki berberarekin.
Betiko lez, aurtengo edizioan ere berrikuntza ugariekin dator jolasa. Iaz Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren kolaborazioa izan zuen ekimenak. Aurten ere bere laguntza bermatu dugu. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren lanari esker galdera berri eta zail dezente gehitu dira jokoan, guztiak Bilbo eta bere itsasadarra lotzen dituztenak.
Baina aurten museo hori ez da bakarra izango, izan ere, Bilboko Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak ere Galdeketaun ekimenarekin bat egin dute, eta galdera sorta ederra aportatu dute biek.
Guztiek lan handia egin dute bertan datu interesgarriak gazteei helarazteko eta horretarako hainbat galdera berri, interesgarri eta zail gehitu dugu gure jolasean. Gure museoetan kultur altxor handia eta ezezaguna dugu eta hori zabaltzea eta jakinaraztea ere izango du helburu Galdeketaun lehiaketak hemendik aurrera.
Hortaz aurten, gure neska-mutilek gehiago jakingo dute Bilboko itsadarrean eta Bizkaiko kostaldean gertatu diren hainbat kontu kurioso eta historiko horiei buruz, bai eta eskulturaz, pinturaz, geografiaz eta abarrez ere.
Jolasetik galdera zahar batzuk kendu ditugu eta beste ehun inguru berri sartu ditugu. Aurtengo lehiaketa zaila izango da eta horixe dute erronka parte-hartzaileek.
Joan den urtean, jokalari mordo bat ibili ziren norgehiagoka, baina harrigarriagoa da ia 10.000 bider jolastu zutela. Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jolaserako hizkuntza erraz eta normala dela parte-hartzaileentzat, eta era berean, APP hau oso erakargarri bilakatu dela. Aurtengo erronka langa hori gainditzea izango da.
Bestelako berrikuntzak ere baditugu aurten. Webguneko zenbait atal ikusgarriago jarri ditugu, sariak potoloagoak izango dira, eta lehiakortasuna sustatzeagatik, sari batzuk lehen ehunen artean zozketatuko ditugu.
Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus webgunean aurkitu daitezke.