Bilboko Udalak, Nontzeberri.com kulturaren atariaren laguntzarekin, Galdeketaun gazteen programako sariak eman ditu gaur arratsaldean.
Abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean, 12-17 urteko gazte bilbotarrek Galdeketaun aplikazioa jaitsi ahal izan dute euren eskuko telefonoetan, haren bidez euskaraz jardun eta jolas egiteko.
Ekimen horren laugarren edizioaren bitartez, euskarazko tresnen erabilera sustatu nahi da adin-tarte horretako gazteengan, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.
Ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera, Bizkaia eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste.
Test motako itaunak dira, hau da, galdera eta erantzuna dutenak. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar du denbora jakin batean. Lehiaketak entretenimendua bultzatzen du, zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen baitu euskal kulturarik buruz ikasteko, eta beti euskaraz. Puntuazio altuena lortzen duena saritzen da, baina horrez gain, bestelako sariak ere zozkatzen dira bertan parte hartzeagatik.
Gaur arratsaldean sari hauek eman dira:
- Lehen saria: Asier De Prado Ramos (2005), Bilbo. Punturik gehien lortu duen parte-hartzailea izan da. Samsung J5 2017 mugikor bat irabazi du.
- Lehenengo hamarren artean geratu direnen artean egindako zozketako sariduna: Asier Pérez Baeza (2004), Bilbo. Bq Aquaris U Plus mugikorra lortu du.
- Parte-hartzaile guztien artean Tablet Huawei Mediapad tableta bi zozkatu dira eta Orozkoko Urtz Merinok (2001) eta Bilboko Ane Alvarezek (2001) eraman dituzte.
Urtero galdera eta gai berriak sartzeko ahalegina egiten da. Hori dela-eta, laugarren edizio honetan Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bat egin du ekimenarekin, itsasadarrari, kostaldeari eta uriko itsas-kulturari buruzko galderak proposatuz. Euskal Museoa eta Artelan Berreginen Museoa ere izan dira ekimenean, Bilboko eta Bizkaiko historiarekin, eskulturarekin, pinturarekin, geografiarekin, azken batean, gure kulturarekin, lotutako itaunak eginez.
Lehiaketaren lau urteetan ia 700 gaztek hartu dute parte eta 31.700 partidatik gora jokatu dira. Harrigarria da hilabete bitan ia 8.000 partida jokatu direla.
Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jolaserako hizkuntza erraz eta arrunta dela gazte bilbotarrentzat, eta era berean, APP hau oso erakargarri bilakatu eta dinamikoa dela, euskaraz jolasteaz gain, kultura eskuratzeko aukera ere ematen duelako.
Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus webgunean aurki daiteke.