Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak banatu du “Nahi dudalako!” ekimenaren lehenengo saria. Alkarbiderekin (Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea) elkarlanean gauzatutako proiektu honetan Bizkaiko 16 udalerrik eta 2 mankomunitatek hartu dute parte. Ikasketak euskaraz egiten ari diren DBHko 4. mailako ikasleentzat da ekimena, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ere euskaraz egiten jarraitu dezaten.
Kanpaina honen berri emateko, martxoan Udalak diptiko bat zabaldu zuen DBHko 4. mailako ikasleak bizi ziren helbideetara. Bilbon 2.870 bat banatu ziren, maiatzeko lehenengo hamabostaldian matrikulatzera zihoazen gazteek nahiko denbora izan zezaten euskaraz ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko.
Kanpainaren helburua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta euren orientatzaileei informazioa ematea da Batxilergoa eta Lanbide heziketa euskaraz egiteko aukerei eta Bilbon eta Bizkaian horretarako dagoen hezkuntza arloko eskaintzari buruz. www.nahidudalako.com web orrian bildutako informazioa ikasleen gurasoentzat ere bada. Horrez gain, web orri horretan eskaintza unibertsitarioaren berri ere ematen da eta bihar-etzi izan litzaketen zalantzak argitzeko aukera ere eskaintzen da.
Web horretan gazteei aukera eman zitzaien inkesta bat bete eta hiru sariren zozketan parte hartzeko: tablet bat, kirol kamera bat eta korrika egiteko erloju bat. Aurtengo lehenengo saria, Ipad 32GB ORO tableta, Eneko Bilbao ikaslearentzat izan da. Bilboko ikasle hau Udaletxera etorri da saria jasotzera.