Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak B-Tuber lehiaketaren lehenengo edizioko saria banatu dute Euskararen Etxean. Kimetz Karkoba Gaminde gaztea, Clash Royal bideo-jokoari buruzko bideoaren egilea, izan da aurreneko edizio honetako irabazlea. Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak banatu dute saria; egin-eginean ere, sarean bideoak egiteko ekipo profesionala, irudi-egonkorgailuak, mikrofonoak eta LED argiztapen-sistemak osatua.
B-Tuber lehiaketaren estreinako edizioan 54 gaztek hartu dute parte. 25 lan aurkeztu dituzte. Bakarka egindako lanak izan dira batzuk, gehienak taldeka eginak izan badira ere. Lan guztiak euskaraz egin dira, 4 bat minutuko iraupenarekin. Azpimarratzekoa da lehiaketara aurkeztu diren bideo gehienak bideo-jokoei buruzkoak izan direla.
B-Tuber lehiaketa ekainaren amaiera aldean egin zen, Euskararen Etxean egun bitan youtuber izateko antolatutako doako ikastaroen ostean. Youtuber izateko ikastaro horiek Bilbon erroldatutako 13-16 urteko gazteentzat dira, ikas dezaten bideoak euskaraz sortzen eta editatzen eta Youtube bidez ezagutarazten. Hiru ikastaro eskaini dira, 8 ordukoa bakoitza, bi egunetan banatuta. Ikastarook euskara hutsean eman dira.
YouTuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da B-Tuber; izan ere, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat. Aldi berean, ekimenean parte hartzen dutenek aukera izan dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta gestionatzeko ezaguera teknikoak eskuratzeko.
Ikastaroetan gai interesgarriak landu dira benetako “youtuber” bihurtu nahi dutenentzat, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko urratsak; izena ematea youtubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, “videopad” programarekin grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea, bisualizazio gehiago izateko estrategiak…
Ikastaro hau Gabonetako oporretan egin zen lehenengoz, eta izan zuen arrakastaren ondorioz, ikasturtea amaitu ondoren berriro eskaintzea erabaki zen. Arrakasta itzela atzera ere, 179 gaztek hartu dute parte eta. Gazte horiek Interneten egin dute lan, beti euskaraz.
Ikastaroaren ostean, eta ikasitakoak praktikan ipintzeko lehiaketan har zezaketen parte. Lehiaketako irabazlea Kimetz Karkoba Gaminde bilbotar gaztea izan da.
Esperientzia handiko epaimahaia izan du lehiaketaren lehenengo edizio honek, Ane Atxutegi eta Iban Garcia youtuberrak, hain zuzen. Epaimahaiko kideek ez dute eginkizun erraza izan aurkeztutako 25 lanen artean irabazlea aukeratzeko, batzuk kalitate handikoak izan dira eta. Azkenean, Clash Royal bideoa atera da irabazle. Izen bereko bideo-jokoari buruzko euskarazko lehenengo tutoriala da.