Helburua uria sektore guztietan euskalduna izatea da. Horretarako, duela zenbait urtetatik hona, Bilboko Udalak BilbaoDendak hiri-merkataritzako plataformarekin batera, ekintza batzuk garatu izan ditu merkataritza-sektorean euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko.
Ekintza horietako bat BIRIBILKO programa dugu; hau da, uriko merkataritza-sektorean lan egiten duten pertsonentzat eta merkatarientzat beren-beregi prestatutako euskarako ikastaroak. Urriaren hasieran aurkeztu dute programa Bilboko Udaletxean Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi Koldo Narbaizak eta BilbaoDendak hiri-merkataritzako plataformako presidentea den Aitor Elizegik.
2018-2019 ikasturterako matrikula egiteko epea luzatu egin da urriaren 16ra arte. Biribilkok ikastaro-mota bi eskaintzen ditu: bata euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa da, euskaraz ez dakiten edo oso gutxi dakitenentzat, eta bestea zertxobait dakiten eta euskara komertziala hobetu nahi dutenentzat da.
Bilboko Udalak, BilbaoDendak hiri-merkataritzako plataformarekin, HABErekin (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta euskaltegien sarearekin elkarlanean, eta Siadecoren laguntza teknikoarekin, aurten ere BIRIBILKO programaren alde egin du, hau da, Bilboko merkataritzaren arloko euskara normalizatzea sustatzea eta bultzatzea eta euskararen presentzia areagotzea helburu duen programaren alde.
Merkataritza urian gizarte eta ekonomiaren ikuspuntutik dauden sektoreetan garrantzitsuenetakoa da. Alde batetik, Bilbo inbertsiorako uri erakargarria izatea, enplegua eta aberastasuna sortzen dituen uria izatea eta nortasunari eustea garrantzitsuak dira gure uriak etorkizunari begira identifikatuta dituen erronketan; eta, hain zuzen, nortasunari eusteko euskarak berebiziko garrantzia du.
Horiek horrela, aurreko urteetan bezala, Biribilkok hauek eskaintzen ditu:
- oinarrizko ikastaroak: oinarrizko ahozko komunikazioa lantzeko, merkataritzan ohikoak diren egoeretan hizkuntza-arloko irizpideak emateko.
- eta euskara komertziala hobetzeko ikastaroak, saltokietan erabiltzen duten euskararen ahozko zein idatzizko maila hobetzeko.
Biribilkoren mota bateko zein besteko ikastaroek 90 orduko iraupena dute eta euskara-ikastaro horietan matrikulatu ahal izateko, baldintza bat baino ez da eskatzen: Bilboko merkataritza-establezimenduren batean enplegatuta egotea edo merkataria izatea.
Euskarako eskola horietara joaten direnek doan izango dituzte honako zerbitzu eta material hauek:
- Biribilkoren 2018-2019 urteko ikastarora joan izanaren ziurtagiri pertsonala (ziurtagiria eskuratzeko gutxieneko asistentzia eskolen % 75a da).
- Gaztelania-euskara motako merkataritza-arloko hiztegiak, jarduera-adar batzuetakoak, saltokietan erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak jasotzen dituztenak.
- Saltokietan izaera publikoko merkataritza-arloko testuak (kartelak) gaztelaniatik euskarara itzultzeko doako zerbitzua.
Izena emateko epea urriaren 16ra (martitzena) arte egongo da zabalik. Euskaltegietan eta www.biribilko.eus web orrian eman daiteke izena, “Heziketa” atalean dagoen formularioa beteta, edo 688739015 telefonora deituta.
Ikastaroen ordutegiak saltokien ordutegiei egokitutakoak dira, alegia, goizeko lehenengo orduan, dendak zabaldu aurretik, 08:00etatik 09:30era, edo bestela, eguerdian, 14:15etik 15:45era. Bilboko Udalak eta HABEk diruz laguntzen dituen Biribilko programako ikastaroak euskaltegi batzuetan ematen dituzte.
Hauexek dira euskaltegiok:
- Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8
- Gabriel Aresti. Done Bikendi, 2
- Indautxuko AEK. Urkixo zumarkalea, 88
- Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22
- Matxintxu AEK. Ramon y Cajal etorbidea, 8
- Lizardi AEK. Txakur kalea, 1
- Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21
- Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3
Biribilko programaren eta ikastaro horien gaineko informazioa www.biribilko.eus web orrian aurki daiteke. “Hizkuntza Baliabideak” atalean dohainik sartu daiteke sareko itzultzaile automatikoetara, merkataritzako errotuluetara, hiztegietara eta euskarazko oinarrizko esamoldeetara, baita merkataritzan ohikoak diren dokumentuetara eta lan-euskarrietara ere.
PARTAIDEEN BALORAZIOA ALTUA
Bilboko merkataritzarako aurreneko ikastaroak 2009an hasi ziren antolatzen eta ordutik, parte-hartzea gero eta handiagoa izan da.
Ildo horretan, aurreko edizioan 150 pertsona matrikulatu ziren. Partaideen % 74,6 emakumezkoak izan ziren eta batez besteko adina, 44 urtekoa. Guztira, programa abian jarri zenetik ia 1.500 pertsona izan dira parte-hartzaileak.
Iaz Biribilko programako ikastaroetara joan ziren pertsonen balorazioa oso ona izan zen. Izan ere, 2017-2018 ikasturtean ibili ziren ikasleek, 0 eta 10 arteko eskala batean, batez beste 8,5eko puntuazioa eman zuten. Ikastaroa egin zuten pertsonen % 42 zerbitzuen sektorekoak (ostalaritza, ile-apaindegiak) eta arropa, oinetako eta osagarrien adarrekoak izan ziren.
Ikastaro hauetan parte hartu duten pertsona gehienen ustez euskaraz hitz egiteak modu garrantzitsuan laguntzen dio negozioari errentagarriagoa izaten, bezeroak fidelizatzeko eta kalitate handiagoko zerbitzua emateko baliagarria delako; izan ere, horrela bezeroarenganako hurbiltasuna eta honen asebetetze-maila handiagoak dira. Gainera, saltokietan euskara erabiltzea modernizazio, prestigio eta erakargarritasunarekin uztartuta dago. Azken urteotan Bilbon euskaldunen kopurua etengabe haziz joan da. Bilbon 97.000 bezero euskaldun daude eta Bilbo Handiak hartzen duen eremuan, 252.000 inguru. Eta horiei ia euskaldunen kopurua batuta, eremu metropoliarrean euskaraz ulertzen duten pertsonak 426.000 dira.