- Lautan Hiru jaialdiaren helburu nagusia da Bilboko Zazpikaleetako giro euskaldunean eragitea, antzerkigileei euren lanak erakusteko espazio berriak eskaintzea eta euskarazko antzerkigintzari laguntzea.
Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren VIII. edizioak programazio oparoa du. Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak helburu bikoitza dute: batetik, Bilboko Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzea, eta, bestetik, euskal antzerkigileei plaza berriak eskaintzea, beren lanak aurkez ditzaten. Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren VIII. edizioa otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an egingo da, eta guztira 8 ikuskizun eskainiko dira.
Gaur goizean egin dute Lautan Hiru jaialdiaren zortzigarren edizioaren aurkezpena Euskaltzaindiaren egoitzan eta bertan Andrés Urrutia euskaltzainburua eta Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia bat etorri dira Bilboko Zazpikaleetako kultura-eragileen laguntza, ahalegina eta inplikazioa eskertzeko orduan; asko dira 2019an sortu zen ekimen honetako bidaia-lagunak.

Ikuskizunak 5 espaziotan eskainiko dira: BIRA, Café Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea, Kalderapeko eta Euskaltzaindiaren egoitza. Ikuskizunetako bat Gainbat konpainiaren Zaku izango da, zeinak Lautan Hiru laguntza irabazi baitzuen 2025ean. Laguntza hori Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak sortu zuten 2020an, antzerki-ekoizpena sustatzearren.
Deskargatu kartela hemen.
