Bilboko Udalak auzo guztietako merkatariak eta ostalariak animatu nahi ditu euskara ikastera eta hobetzera, Biribilko udal-programaren bidez. Urriaren 9ra arteko epea daukate izena emateko: Biribilko webgunean, 688 739 015 telefono-zenbakira deituz edo eskolak emango diren euskaltegietan bertan.
Ikastaroak amaitu ondoren, matrikularen kostu osoa itzuliko zaie betekizun sinple batzuk betetzen dituzten ikasleei: eskoletara gutxienez % 75 joan izana (gutxienez, 68 eskola-ordu) eta eskoletara gutxienez maiatzaren 1era arte joan izana.
Klaseetara joaten direnek ziurtagiri pertsonalizatu bat jasoko dute, Biribilko 2026-2027 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duena. Horrez gain, hala nahi badute, dohainik eskuratuko dituzte merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegiak. Era berean, doako itzulpen zerbitzua erabili ahal izango dute (gaztelaniatik euskarara) jendaurreko merkataritza- eta ostalaritza-testuak (kartelak) itzultzeko, saltokietan erabili behar direnerako.
Udalak elkarlanean garatzen du euskararen erabilera sustatzeko udal-programa hau, zehazki, HABErekin eta euskaltegi homologatuekin, bilbaoDendak elkartearekin, hiriko merkatarien elkarteekin eta Bizkaiko Ostalarien Elkartearekin.
Ikastaroak diruz lagunduta daude. Matrikulak 90 euroko kostua du, eta zenbateko hori bertaratze-baldintza biak bete ondoren itzuliko da. Ikastaroek 90 orduko iraupena daukate, eta prestakuntza-maila bi eskaintzen dituzte: euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa eta euskara komertziala hobetzeko ikastaroa. Eskolak astean bitan ematen dira: astelehen eta eguaztenetan edo martitzen eta eguenetan, 2025eko urritik 2026ko ekainera. Parte-hartzaileek goizeko, eguerdiko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu ahal dute.
