Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamalaugarren edizioak euskaraz argitaratutako lehen liburua izango du protagonista, Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” (1545), hain zuzen ere.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekimena Arriaga Antzokian izango da, ekainaren 3an, 08:00etatik 14:00etara. Hau da, eta azken edizioarekin gertatu zen bezala, formatu murriztua izango du ekitaldiak, pandemia dela eta.
Aurten, euskaraz argitaratutako lehen liburua hautatu du, hasiera berri honen ikur. Era berean, horrekin literaturgintzako bi ezaugarri azpimarratu eta nabarmendu nahi ditu: batetik, lehen liburua izatearen garrantzia, eta bestetik, poesia herrikoiaren eredu izatearena. Izan ere, Etxeparek idatzi zuen poesia ez da poesia kultua, baizik eta herrikoia. Poesia bat, kantatua izatekoa, bertsolaritzatik eta koplagintzatik hurbil dagoena. Gaur egun, horrelako poesiatik hurbilen dauden artistetako bat, dudarik gabe, Xabier Amuriza da. Bi idazleon arteko kidetasun literario horretan indar harturik, Zornotzako bertsolariak Etxepareren obraren bertsio berri bat dakar, haren testua euskara batuan jarrita.
200 PARTEHARTZAILE
Xabier Amurizak berak irakurriko ditu Linguae Vasconum Primitiaeren lehenengo lerroak Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak, gehi 50 Euskal Etxek (modu birtualean), hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu pasarteak jendaurrean. Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultur Sailburuak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak, besteak beste, baieztatu dute partaidetza.
Unibertsitateko, komunikabideetako eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak, kultur eta gizarte eragileak, ikasle eta irakasleak ere Arriagatik pasatuko dira. Munduko Euskal Etxeetako euskarazko ikasleen partaidetza birtuala tartekatuko da zuzeneko irakurketarekin. Modu seguruan jokatzeko, Arriagako teknikariekin seguritate protokolo berezi bat diseinatu da, pertsonen arteko aldea zaintzeko eta joan-etorriak kontrolatzeko, jende-pilaketarik gerta ez dadin. Musukoa derrigorrezkoa izango da eta mikrofonoa unero garbituko da.
Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere.
Bestalde, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.
Aurreko urteetan, Axularren “Gero”, Mogelen “Peru Abarca”, Jon Miranderen “Haur besoetakoa”, Saizarbitoriaren “Hamaika pauso”, Arantxa Urretabizkaiaren “Zergatik panpox”, Bernardo Atxagaren “Obabakoak”, Gabriel Arestiren “Harri eta herri”, Sarrionandiaren “Narrazio guztiak”, Franz Kafkaren “Metamorfosia”, Itxaro Bordaren “% 100 Basque”, Txomin Agirreren “Kresala”, Anjel Lertxundiren “Otto Pette” eta Mariasun Landaren “Ipuin hautatuak” irakurri ziren.
BERNAT ETXEPARE
Bernat Etxepare idazle baxenabartarra, ustez Sarrasketan jaioa da. Eiheralarreko erretore (1518) eta Donibane-Garaziko bikarioa izan zen eta euskaraz inprimatutako lehen liburuaren egilea: “Linguae Vasconum Primitiae”, Bordelen 1545ean argitaratua. Hamabost poemez osatutako bilduma bat da, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin. Lehenengo bi poemetan gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamarretan amodiozkoa, inoiz gordin samar azaldua, hamahirugarren poema autobiografikoa da (kartzelako egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du, estraineko aldiz inprimeriara ematen zelako bozkarioz betea.
Guztiz hizkera herritarra erabili zuen eta sortaldeko behenafarreraz idatzi zuen.
BILBO ZAHARRA FORUM
Bestalde, Bilbo Zaharra Euskaltegiak hitzaldi sorta bat antolatu du “Euskara, jalgi hadi plazara” izenburupean. Solasaldiak Euskaltzaindiako egoitzan (Plaza Berria) izango dira, 19:00etan, programa honekin:
- Maiatzak 31: Tere Irastorza + Aingeru Epaltza
- Ekainak 1: Koldo Izagirre
- Ekainak 2: Xabier Amuriza