Bilboko Udalak beste urrats bat eman nahi du administrazio elebiduna lortzeko, beti ere indarrean dagoen Euskararen Erabilera Planaren barruan. Plan hori 1999an onartu zen eta gaur egun laugarren fasean dago. Bere helburu nagusia da euskara, hizkuntza ofiziala den neurrian, zerbitzuko hizkuntza eta komunikatzeko ohiko tresna bihurtzea.
Era berean, Planak euskararen normalizazioan aurrera egin nahi du, administrazio barruan laneko hizkuntza izan dadin. Horretarako, nabarmena da gero eta udal funtzionario gehiagok daukatela hizkuntza eskakizuna eta euskarazko gaitasun maila handia.
Horrela, bada, Euskara Sailak abian jarri du herritarrekin harreman zuzena dagoen udal espazioetan elebitasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko ekimena. Pertsona elebiduna udal bulegoetara doanean, leku horretan udal langilearekin euskaraz egin dezakeela jakingo du, eta hark euskaraz erantzungo diola. Azken batean, komunikazioa erraztu nahi da.
Horretarako ELEBI logotipoa sortu du (ELEBIk “hizkuntza bi” esan nahi du eta, aldi berean, ELEBITASUNA eta BILBAO terminoekin identifikatzea iradokitzen du). Ikur hori uriko zortzi barrutietako udaltegietako informazio guneetan, udal eraikinetako Informazio Bulegoetan eta Udal Sareko Liburutegietan jarriko da.
Ezaugarri horrek jakinaraziko die herritarrei leku horietan euskaraz hitz egingo dietela hala nahi badute.
Elebi-Udal administrazioan euskaraz egitasmoak Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP) ezarritako helburuak -hizkuntzaren transmisioa, kalitatea eta zerbitzugintza- oinarritzat hartzen ditu.
Udal Administrazioan euskaraz
Alor honetan Euskara Zuzendariordetzaren zereginak honako hauek dira:
- Euskararen erabilera normalizatzeko plana gauzatzea
- Itzulpen zerbitzua ematea
- Hizkuntza aholkularitza zerbitzua ematea
- Kexak edo iradokizunak jaso eta bideratzea
Euskararen erabilera normalizatzeko plana gauzatzea
Euskararen Legean, 10/1982 Oinarrizko Legean, herritarren hizkuntza-eskubideak aitortu eta herri-aginteek hizkuntzaren alorrean zituzten betebeharrak ezarri ziren. Legean agindutakoa betetzera etorri ziren zenbait dekretu eta horien artean 86/1997 Dekretua, zeinek Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu beharra ezarri zien euskal herri-administrazio guztiei.
Bilboko Udalak 1999 urtean onartu zuen lehenengoz Erabilera Plana, baina ordurako hainbat urrats emanda zituen.
Planak 5 urteko iraupena duten plangintzetan antolatzen dira.
I. plangintzaldia (1990-1995/97)
Plangintzaldi honen helburu nagusia administrazioaren giza-bitartekoak arian-arian bi hizkuntza ofizialetan jarduteko gaitzea izan zen.
Bilboko Udalean 1991ko maiatzeko plenoan onartu zen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak jartzea lanpostuen zerrendan, 6/1989 Legeak agintzen zuen bezala.
Horrek, langileak euskalduntze-alfabetatze prozesuan sartzea ekarri zuen. Izan ere, euskaraz jarduteko gaitasuna duten langileak dira udalaren erabilera planari eusten dioten zutabeak; langile horiek gabe, ezinezkoa izango litzateke administrazio elebiduna. Hori dela eta, harrezkeroko plangintzaldietan ere langileak euskaraz gaitzeko prozesuari ekin izan zaio.
II. plangintzaldia (1997-2002)
Euskarazko hizkuntza-gaitasuna zuten langileen kopuruan aurrera-pausu nabarmenak eman ondoren, neurri osagarriak hartu behar izan ziren euskararen erabilera bultzatzeko. Eta horren harira, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1998-2002 aldirako Plana onartu zuen 86/1997 Dekretuaren bidez.
Dekretu horri jarraituz, Bilboko Udalak 1999ko apirileko plenoan onartu zen Euskeraren Erabilera Normalizatzeko Plana Bilboko Udaletxean,Udalaren lehenengo erabilera plana.
Onartutako planari jarraituz, lehentasunezko administrazio-ataletan euskararen erabilera bultzatu zen trebakuntza-saioen bidez. Udaleko bulegoetan erabiltzen ziren hainbat dokumentu eredu bihurtuz estandarizatu ziren.
Beste alde batetik, garrantzi handia eman zitzaion langileekiko komunikazioari eta euskararen inguruko informazioa emateko, Arian-arian izeneko aldizkaria banatu zen langileen artean.
III. plangintzaldia (2003-2007)
III. plangitzaldirako aurreko plangitzaldirako plana luzatu egin zen.
III. plangintzaldian, gero eta gehiago diren bilbotar euskaldunei euskarazko zerbitzu egokia ematea helburu izanda, besteak beste, hauexek landu izan dira:
- Sail jakin batzuetan plan berezitu
I. plangintzaldia (1990-1995/97)
ak
- Unitate estrategikoetan eragiteko proposamenak
- Argitalpen, web orri eta idatzizko dokumentazioan hizkuntza ofizialen erabileraren jarraipena
- Normalizazio neurriak hainbat arlotan: hizkuntza paisaian, ekitaldi publikoetan, kontratazioetan…
IV. plangintzaldia (2008-2012)
IV. plangintzaldi honen xede nagusia da Bilboko Udalean hizkuntzen berdintasunera jotzea, bi hizkuntza ofizialen berdintasun formaletik berdintasun egiazkorantz joatea.
Plangintzaldi hau 2012ko abenduaren 31n amaitu zen eta bere eragin-eremua Bilboko Udala eta bere erakunde autonomoak izan dira.
Hiru hauek izan dira plangintzaldiaren oinarri nagusiak:
- Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua
- Langileen lan-jardunen izaera komunikatiboa
- Bilboko Udalaren Irudi korporatiboa
Horrez gain, erabilera plan honen lehen zutabe nagusia Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak izan dira.
V. plangintzaldia (2013-2017)
V. plangintzaldian helburua euskara bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza izatea da, herritar euskaldunak Udalarekin dituen harremanak eta zereginak euskaraz guztiz modu normalizatuan burutu ditzan. Gaurko egoeratik abiatuta, euskara laneko zeregin batzuetan txertatu beharra dago horretarako baldintzarik onenak eskaintzen dituzten ataletan.
Lau dira erabilera plan honen helburu orokorrak:
- Euskararen ahozko erabilera areagotzea
- Euskararen idatzizko erabilera areagotzea
- Irudi korporatiboan euskararen erabilera gehitzea
- Langileen hizkuntza-gaitasuna handitzea.
Euskara Zuzendariordetzak Giza Baliabideen Sailarekin elkarlanean parte hartzen du euskararen planaren garapenean.
Ikusi Bilboko Udaleko langileen euskalduntze prozesua.
Itzulpen zerbitzua ematea
Itzulpen zerbitzua udal bulegoek -sailetakoak eta udal enpresetakoak- sortzen duten dokumentazioa euskalduntzeko edo gazteleratzeko zerbitzua da, bai eta euskarazko testuen zuzenketarako ere.
Udal administrazioa gero eta elebidunagoa bada ere, unitate elebidunetako langileentzat itzulpena neurri osagarria da, eta sistematikoa beste guztientzat.
Hizkuntza aholkularitza zerbitzua ematea
Hizkuntza aholkularitza zerbitzua euskaraz lan egiten duten udaleko eta udal enpresetako langileei eskaintzen zaie Euskaraz lan egin ahal izateko, kasu askotan, beharrezko hizkuntza eskakizuna egiaztatzea ez da nahikoa izaten. Eguneroko lanean ahozko erabileran edo idatzizko erabileran sortzen diren hizkuntza zalantzak argitzea beharrezkoa da lana eraginkortasunez ateratzeko.
Kexak edo iradokizunak jaso eta bideratzea
Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak herritarrek jarritako kexak eta iradokizunak jaso eta bideratzen ditu. Kexa edo iradokizun horiek Udalak eskainitako zerbitzuetan herritarren hizkuntza eskubideak ez bermatzeak eragiten ditu.