Euskaraz ondo edo nahiko ondo hitz egiten dute Bilboko biztanleriaren %37ak (2001eko datua). Kopuru hori goraka joan da hainbat urtez, gaur egun ere joera hori al du?
Baietz esango nuke, gero eta nabariagoa baita euskararen presentzia Bilboko kaleetan, errotulazio, iragarki eta abarrekoetan, eta, are esanguratsuagoa dena, bilbotarren eta Bilbora hurreratzen direnen aho-ezpainetan. Ukaezina da, bestalde, irakaskuntzak hor bere lana egin duela, eta, orobat, euskaldunok gure hizkuntza birbalioarazteko egiten ditugun ahaleginak ere aintzat hartzeko modukoak direla.
Orokorrean Bilboko euskararen egoera eta Bizkaiko herri txikiagoetakoa berdina al da? Alegia, azken urteotako joera berdina al da? Edo badu eraginik hiriburua izateak?
Nire ustez, ezin da horri buruz orokorrean hitz egin. Hizkuntza, hain justu ere, gizartearen errealitatea da, eta herri batetik bestera gizarteak desberdinak dira. Labur esanda, gero eta ageriagokoa da herri txikietako eragina Bilboko euskalduntze-bidean, baina horrek ez du baztertzen Bilbon dugun bestelako bidea, alegia, euskaldun berriena. Bi-biak ari dira une honetan Bilbon pil-pilean, eta bitzuok dira euskalduntasunaren berme egokiak.
Zein izan liteke joera horren arrazoia?
Bilbok izan duen historia. Bateko, Bilbok inguru euskaldunak izan ditu beti, eta inguru horietako jendea Bilbora etorri ohi da, lanera, merkataritzara…; besteko, Bilbok berak sortu ditu betidanik euskal kulturarako guneak. Horrenbestez, bi ardatz horiek Bilboko euskalduntasunean erabakigarriak izan dira.
%37 horretatik soilik %5ak jaso du euskara ama-hizkuntza bezala. Ondorioz, euskaltegi, ikastetxe… zeregina beharrezkoa da Bilbon ezta?
Zalantzarik gabe, horiek baitira geroko erabilera hazteko eta bermatzeko zutabeak. Euskara kalera eraman nahi badugu, ezinbesteko zaigu horiek kontuan hartzea.
Urtez urte euskararen ezagutza handituz doa, ez ordea erabilera. Zergatik ote Bilbo bezalako hiri batean?
Ez nago horren seguru, erabilerari buruzko horretaz. Nik esango nuke erabilera gero eta zabalagoa dela, nahiz eta euskaldunok nahiko genukeen adinakoa izan ez.
Zer egin daiteke euskara sustatzeko biztanleria kopuru hori duen hiri batean?
Naturaltasunez erabili, esparru propioak eraiki, hizkuntza-eskubideak bermatu, eta, gauza guztien gainetik, ahal den guztietan erabili, erabili, erabili…
Bilboko udaleko Euskara Sailak hainbat programa eta kanpaina (D bitamina, Bertsolaritza eskoletan, Mikoleta ipuin lehiaketa…) antolatzen ditu euskara sustatzeko. Nahikoak ote dira?
Sekula ez dira nahikoa izango, ez udal batena, ez eta beste erakunde batena ere, gizarte osoa baitago jokoan. Bilbo da horretan sinetsi behar duena, eta, ondorenez, praktikatu. Bilboko Udalaren jokamoldea, nire aburuz, eredugarria da, euskara lagundu, suspertu eta bultzatzeari dagokionez. Begi-bistakoak dira azken urteetan egin dituen ahaleginak, eta bide horretan jarraituko duelakoan nago. Bilboko euskaltzaleok eskertuko dugu hori, eta, gainera, gure laguntza aktiboa eman beharko diogu, euskalgintzaren barruan ardurak ditugunok batera lan egin dezagun. Horretan ari gara Bilboko Udala eta Euskaltzaindia, eta horretan jardungo dugu aurrerantzean ere.