Bilboko Udalak, Bilbao Gazte gazte-markaren bidez, hirugarren lehiaketa antolatu du bere youtuber ofizialak aukeratzeko. Aurkeztutako hautagai guztien artean epaimahaiak mutil bat eta neska bat aukeratuko ditu, Bilbok gazteentzat duen aisialdiaren arloko planak kontatu eta azaldu ditzaten Bilbao Gazteren Youtube kanalen bidez. Horretarako, aukeratutako youtuberrek hilean bideo bi grabatuko dituzte (bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz), banaka edo binaka, 2019ko urritik 2020ko apirilera arte.
Ekimen honen bidez, Bilboko Udalak komunikatzeko modu bat sortu nahi du, gazteentzat zuzenekoa, erakargarria eta gertukoa izango dena.
Parte hartu nahi dutenek bideo bat bidali behar dute, gehienez bost minutuko iraupenekoa eta, bertan, euren izen-abizenak, jarduna (ikasleak, langileak…), zaletasunak eta aisialdiko jarduerak adieraziko dituzte. Horrez gain, Bilbon hurrengo asteburuan zein izango den euren plana azaldu beharko dute, euskaraz eta gaztelaniaz.
Bideo hori eta izena emateko fitxa (bilbaogazte.bilbao.eus) we transfer aplikazioaren bidez bidali behar dira helbide elektroniko honetara: gazteria@bilbao.eus. Lehiaketaren oinarriak Bilbao Gazteren web orrialdean ikusi daitezke.
Bideoak bidaltzeko epea railak 20, hasi eta urriaren 7an (astelehena) amaituko da, 23:59an. Parte-hartzaileek hiru baldintza bete beharko dituzte:
· 18tik 25 urtera bitartekoak izatea
· Bilbon erroldatuta egotea
· eta euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna izatea.
AUKERATZEKO IRIZPIDEAK
Lanak jasotzeko epea amaitu ondoren, epaimahaiak 10 parte-hartzaile aukeratuko ditu eta, ondoren, elkarrizketa egingo die youtuber ofizialak izendatzeko. Lehenengo aukeraketan informazioa helarazteko gaitasuna, komunikatzeko estiloa, irudiaren kalitatea eta bideoaren edizioa baloratuko dira. Aukeratutako 10 pertsonei egingo zaien elkarrizketan, beste alderdi batzuk baloratuko dira, besteak beste, gazteen ikuskeraren barruan hautagaiek proposamenak luzatzeko gaitasuna eta komunikazio arloko ekintzetan duten eskarmentua (formala izan ez arren).
Bilboko Udalak urriaren 11n iragarriko ditu aukeratutako pertsonen izen-abizenak. Hartara, urritik aurrera, irabazleek 2020ko apirilera arte hilean bideo bi egiteko konpromisoa hartuko dute, dagokien ordainsariarekin.
Youtuber berriek Begoña Ojinaga eta Julen Arberen ordez arituko dira. Izan ere, horiek aukeratu ziren lehiaketaren bigaren edizioan eta horiek arduratu dira Bilboko gazteentzako aisialdiaren aukerak zeintzuk diren Youtuben kontatzeaz.
BILBAO GAZTE
BILBAO GAZTE Bilboko Udalak gazteekin batera lan egiteko duen konpromisoaren isla da. Horretarako, Bilboko Udalak komunikaziorako tresna hauek ditu: profilak sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram, Google + eta Youtube) eta webgune bat, gazteei eragiten dieten politika espezifikoei buruzko informazio baliagarria emateko.