Aurten ere jasoko dute bizkaitarrek Euskara Eskura Txartela euskara ikasteko. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, HABE eta Bizkaiko euskaltegi-sarearekin batera, laugarren urtez jarri du abian Euskara Eskura Txartela programa.
Deskontua egiteko bonua da, eta eskuratzen dutenek 2020-2021 ikasturteko matrikula egitean erabil dezakete, programari atxiki zaizkion euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan. Bizkaian erroldatutako pertsonentzat izango da, baldin eta egiaztatzen badute A1, A2, B1 eta/edo B2 mailak gainditu dituztela 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 30era bitartean.
Uztailaren 29tik abuztuaren 7ra egongo da zabalik Euskara Eskura Txartela programan izena emateko epea. Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian tramitatu behar dira eskabideak, esteka honetan: http://web.bizkaia.eus/eu/-/euskara-eskura-txartela.
Proiektua abian jartzeko, 400.000 euroko aurrekontu-partida onartu du Aldundiak, konpromisoa hartua baitu euskara ikasteko ahalegina egiten duten pertsonei lagunduko dieten neurriak hartzeko eta, horrela, pertsona horiek animatzeko euskara ikasten jarrai dezaten harik eta ezaguera-maila nahikoa duten arte euskaraz hitz egiteko nahi duten guztietan.
Informazioa: http://web.bizkaia.eus/eu/-/euskara-eskura-txartela.