Bilboko Udalak bat egin du euskaltegien 2020-2021 ikasturterako matrikulazio-kanpaina berriarekin. “Euskara ikasteko zure formula-Tu fórmula para aprender euskara” goiburuarekin, kanpainak euskaltegiak ikasleei eskaintzarik malguena eta zabalena eskaintzeko egiten ari diren ahalegina aipatzen du.
Covid-19ak eragindako ezohiko egoerari erantzutearren, eta kontuan hartuta osasun neurriak, ikasturte honetan pisu handiagoa izango dute aurrez aurrekoak ez diren ikasturteek eta bitarikoek, errazago baita haien bidez osasun eta segurtasun neurriak betetzea. Funtsean, lau ikastaro mota eskainiko dira, nahiz eta haien barruan malgutasun handia eskaini. Lehen-lehenik, ohikoa denez, aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, betiere ikasgeletan segurtasun neurriak betetzen direla bermatuz. Era beran, jarduera bikoitzeko ikastaroak ere eskainiko dira, aurrez aurreko jarduera eta aurrez aurrekoaz bestekoa konbinatuz. Hirugarrenik, nork bere kasa ikasteko ikastaroak eskainiko dira, inoiz baino aukera gehiago eskainiz nork bere ordenagailuarekin ikasteko. Azkenik, bideokonferentziazko taldeak eskainiko dira, ikasgela birtualen bidez, taldeen barruan eta ordutegi finkoetan irakasleen laguntza izango delarik. Gainera, ohikoa denez, egonaldiak eskainiko dira, bai barnetegietan, bai kolektibo eta enpresentzako ikastaro berariazkoetan.
Euskaltegi guztietan bermatuko dira Covid-19aren kontra egiteko osasun neurriak. Euskaltegi bakoitzak bere kontingentzia plana izango du, osasun neurri guzti-guztiak betez. Helburua da ikasleak lasai etortzea euskaltegietara, eta, ahal dela, aurrez aurre egitea ikastaroak. Eskaintza malgua izango da, ikaslearen beharrizanen arabera, baina lehentasuna izango da aurrez aurreko irakaskuntza sustatzea, bera delako eraginkorrena.
Ikasleek euskara eraginkortasunez ikasten badute eta dagokien maila gainditzen badute, matrikula ordaintzeko dirulaguntza eskatu ahal izango dute. Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen ekarpenari esker, euskara ikastea dohainik da B2 mailaraino, ikasleak bi betebehar betez gero: % 75eko bertaratzea izatea eta dagokion maila gainditzea (ikasketa-prozesuan aurrera egitea, alegia).
Pasaden ikasturtean Bilboko euskategietan matrikulatu den ikasle kopurua 9.000 inguru izan da. Ikaslearen batez besteko perfila da, emakumezkoa, goi mailako ikasketak dituena eta 25-50 urte bitartean dagoena.
Bilboko euskategiak prest daude ikasleak hartzeko eta gogotsu ikasturte berriari ekiteko!
Kontsultatu hemen Bilboko euskaltegien sare zabala: https://bilbaoeuskaraz.bilbao.eus/zer-behar/euskaltegiak/
Udalak urtero ateratzen du ditulaguntza deialdia euskara ikasten ari diren eta Bilbon erroldatuta dauden pertsonentzat. Gurasoak, monitoreak eta errenta baxua daukaten pertsonak dira laguntza hauen hartzaileak.
Dirulaguntzei buruzko informazioa orri honetako zabalgarrietan: https://bilbaoeuskaraz.bilbao.eus/diru-laguntzak/