Mintzapraktika taldeak euskara praktikatzeko egitasmoa da. Euskaldunok, ikasten ari garenok eta nola edo hala moldatzen garenok, euskaraz hitz egiteko aukerak izateko guneak sortzea, eta bide batez euskararen normalizazio prozesuan eragitea da helburu nagusia.
Bilboko euskaldunak harremanetan jartzea nahi dugu. Euskaldunon mundua ikusgarri egin, eta hiztun berriak mundu euskaldun horretan partaide izatea erraztu.
Norentzat dira Mintzapraktika taldeak?
Euskara ikaslearentzat: Euskaltegian bazaude edo egon bazara, baina ez baduzu norekin hitz egin, hemen duzu aukera.
Euskaraz moldatu bai, baina lasai hitz egiteko konfiantzazko guneak behar dituenarentzat: Norekin hitz egin ez edo apur bat herdoilduta baduzu euskara, zuretzat ere badago lekua Mintzapraktika taldean.
Euskaldunarentzat: bidelaguna edo laguntzailea deituko duguna. Euskaraz bizi bazara baina euskararen aldeko boluntarioa izan nahi baduzu edo gehienetan gazteleraz egin arren, euskaraz gehiagotan egin gura baduzu, hemen duzu aukera.
Zer eskaintzen du Mintzapraktika taldeak?
Mintzapraktika taldeak: Adina, zaletasunak eta aukerak kontuan hartuta talde txikiak osatzen ditugu. Euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuta, taldekideen artean erabakitzen dute noiz, non eta zertarako bildu. Talde guztietan euskaldun osoa den laguntzaile edo bidelaguna egoten da proiektuaren dinamizatzailearekin koordinatu eta harremanetan egoteko.
Euskararen Agenda: Ikastaroak, txangoak, kultur ikuskizunak, kontzertuak, antzerkia, errezitaldiak, bertso saioak, diaporamak, eztabaida foroak, hitzaldiak, erakusketak…
Bilboko edozein auzotan aukera duzu praktikatzeko eta horretarako hemen dituzu informazio eta harremanetarako guneak:
- Tel: 607 530 132 (whatsapp)
- E-posta: berbalaguna@aek.eus
- berbalaguna.blogspot.com
- facebook.com/berbalaguna.bilbo