Neurri handiagoan edo txikiagoan, gero eta gehiago gara euskara eguneroko bizitzan erabiltzen dugunok. Izan ere, Bilbo da euskal hiztun gehien dituen hiria; eta gero eta gehiago izango gara.
Euskaraz gehiago gara goiburuarekin, Bilboko Udalak hasiera eman dio bilbotarrak 2021-2022 ikasturtean uriko euskaltegietan matrikula daitezen sustatzeko kanpainari.
Udalaren asmoa da herritar guztiengana iristea, eta agerira ekartzea euskara ikasi nahi duten pertsonen era bateko eta besteko profilak: guraso eta tutoreak, beren seme-alabei eskolako lanetan lagundu nahi dietenak; helduak, beren lan-baldintzak hobetu nahi dituztenak; migratzaileak, euskara ezagutu eta erabili nahi dutenak; edo adinduak, euskaraz ere sozializatu nahi dutenak, besteak beste.
Kanpaina gaur goizean hasi da, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziaren eta Bilboko euskaltegietako ordezkarien arteko topaketarekin, eta irailean zehar luzatuko da. Narbaizak hau gogorarazi du: “Udalak apustu irmoa egiten du euskararen normalizazioaren alde, eta euskaltegiak funtsezko tresna dira gure hizkuntzaren eta gure kulturaren ezagutza eta erabilera hedarazteko eta Bilbo uri euskaldunagoa bihurtzeko gure eginkizunean aurrera egiteko. Horrez gain, Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak bilbotar guztiak animatu ditu euskaltegietan izena eman dezaten.
ESKAINTZA SEGURUA
Bilboko euskaltegiak moldatu egin dira egoera sanitarioaren aurrean, eta haien eskaintza segurua da. Bigarren ikasturtea izango da ikastaro ez-presentzialek eta mistoek pisu handiagoa izango dutena, horrela errazagoa delako osasun- eta segurtasun-neurriak betetzea. Lau ikastaro mota eskainiko dira, nahiz eta, bakoitzaren barruan, era bateko eta besteko eskaintzak eta malgutasunak eskaini:
- Aurrez aurreko ikastaroak, ikasgeletan segurtasun-neurri guztiak beteko direla segurtatuz.
- Jarduera bikoitzeko ikastaroak, jarduera presentziala eta ez-presentziala konbinatuz;
- Autoikasketan oinarritutako ikastaroak, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailuaren bidez ikasteko.
- Eta bideokonferentzia bidezko taldeak, ikasgela birtualen bidez eta irakasleen laguntza izanik talde eta ordutegi finkoetan.
Ikastaro honetarako eskaintzan barnetegietan egonaldiak eta kolektibo eta enpresentzako ikastaro bereziak ere sartzen dira.
2020/2021 kanpainan gertatu zen bezala, euskaltegi bakoitzak bere kontingentzia-plana edukiko du ezarrita, eta, hala, arau sanitario guztiak beteko dira, ikasleak lasaitasunez etor daitezen euskaltegietara eta ikastaroak aurrez aurre egitera anima daitezen, hori baita emaitzarik onena ematen duen formula.
MATRIKULATUEN PROFILA
Iazko ikasturtean, 6.800 pertsona inguru matrikulatu ziren Bilboko euskaltegietan. Ikasleak, gehienbat, emakumeak dira, eta goi mailako ikasketak dauzkate, eta 26 eta 50 urte bitarteko adina dute.
Bilboko euskaltegiak izan dira eta dira euskalduntzearen eragile nagusietako bat; eta haien lana funtsezkoa da oraindik. Bilboko ia auzo guztietan daude kalitatezko hezkuntza eraginkorra eskaintzen duten euskaltegiak, milaka pertsona trebatu dituztenak. Aurkitu zeure euskaltegia
Bilboko Udalak, urtero-urtero, euskara ikasteko laguntzetarako deialdia egiten du, guraso, denbora libreko begirale eta errenta txikia duten pertsona Bilbon erroldatuta daudenentzat. Iaz 300 dirulaguntza eman ziren.
Informazioa hementxe ikus daiteke.