Kulturzaleek 990 nobedade izango dituzte eskura aurtengo Durangoko Azokan, Landako gunean egongo diren 219 erakusmahaietan eta Azokako online dendan. Hala iragarri dute Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako guneetako arduradunek.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da Durangoko Azoka. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan. Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak nabarmendu duenez, “gure helburu nagusia aurtengo Azoka segurua izatea da. Bisitari eta partehartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea”.
Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Landako Gunean 1.200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Izen-emateak azaroaren 29tik aurrera egin ahalko dira durangokoazoka.eus webgunean.
Azokan eskura egongo den kultur eskaintzari dagokionez, edizio honetan 990 kultur nobedade aurkeztuko dira: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak.
Kultur lan horiek Landako Gunean egongo diren 219 erakusmahaietan (abenduaren 4tik 8ra) edo Azokako online dendan (abenduaren 3tik 7ra) eskuratu ahal izango dira.
Guztira, 165 partehartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizioak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak… Horietatik 17 autoekoizleak izango dira, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak. Gerediaga elkarteko ordezkariek esan dute Azokan erakusmahaia jarriko duten askok ahalegin handia egin behar izan dutela Durangora etortzeko. Erakutsi duten jarrera txalotzekoa eta eskertzekoa da.
Programazio osoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.